'Txarriboda' ikuskizuna eskainiko du Hika Antzerki Taldeak larunbatean BBK Aretoan

uriola.eus 2020ko ots. 11a, 17:41

Bilbora ekarriko du Txarriboda obraren azken bira Hika Antzerki Taldeak. Ikuskizuna otsailaren 15ean eskainiko dute, BBK aretoan, arratsaldeko 20:00etan.

2018an estreinatutako Txarriboda ikuskizunak azken bira abian jarriko du larunbatean. Agurtzane Intxaurragak zuzenduriko antzezlanak ezkontza baten atzean ezkutatzen den hipokresia agerian uzten du, kabareta, umorea eta narrazio basatia ardatz dituela. 

Hika antzerki taldeak lantzen duen partaidetzatik abiatu eta larunbatean eskainiko duten antzerkian tokian tokiko elkarte eta artistek obran parte hartuko dute.

Horrela, Jai Alai dantza taldeko June Peña dantzariak, Kemen Gra taldeko Arrate Unzueta sopranoak, eta Aullidos de Otxar antzerki taldeak, antzezlaneko aktoreak diren Patxi Gonzalez, Sandra Fernandez, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta Iñaki Maruri aktoreekin batera parte hartuko dute BBK aretoan eskainiko duten emanaldian.

Ezkontza baten liturgia guztiak barneratzen ditu TXARRIBODAk. Euskal kabareta, kritika sozial potente batekin.

Obraren sinopsia: 

"Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute. Zorionaren irudi dira. Ezkondu egin dira gaur eta Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak eta Ipertrolako handi-mandiak, antolatu du ospakizun gala. Festa itzela. –“Gaur txerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!” Hitz horiekin egingo die harrera gonbidatuei. Guztiak bertan daudela dirudienean, ordea, Txusa azalduko da aretoan. Gizon gorputzean bizi den emakumea da Txusa eta Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara. Emakumea atsegin du eta aukera polita iruditu zaio Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta bere aitarena gaindu ahal izateko. Baina ezuste hau beste askoren hasiera besterik ez da izango eta ezkontza behar zuenak, Txarriboda izaten amaituko du."