Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren ondorioz sortu zen duela 15 urte Euskararen Etxea. Eraberritze prozesu batean murgilduta dago egun, eta lehenengo fasearen berrikuntzak aurkeztu dituzte gaur goizean.
Besteak beste, ordutegia zabaldu, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara, eta euskal eragileen eskura dauden eta guztiz doan uzten diren Euskararen Etxeko aretoak erabiltzeko eskaintza handitu dute, hala nola jardunaldiak antolatzeko, aurkezpenak egiteko edota batzarrak egiteko. Gainera, Euskararen Interpretazio Zentroko Eskola Programaren lantegia berritu eta webgune berria sareratu dute, Euskararen Etxeko zerbitzu guztiak kudeatuko dituena.
Euskal eragileentzat eta euskal jendartearentzat erreferente bilakatu nahi du Euskararen Etxeak, zerbitzu zein bitarteko ezberdinak eskainiz.
Hi(ZKI)bridoak
Otsailetik maiatzera bitartean, Azkue Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura sailak martxan jarritako Hi(ZKI)bridoak izeneko zikloa aurkeztu dute. Kultur egitarau horrek literaturaren eta ahozkotasunaren inguruko ekitaldiak bilduko ditu.
Hi(ZKI)bridoak zikloko egitaraua begiratzeko sakatu hemen