Aurtengo martxoaren 8a igandea izanik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ez du grebarik deitu. Horrela, batzuek "ezintasun bat edo su-eten" bat dagoela ikusarazi nahi izan dutela adierazi dute gaurko agerraldian. Ez da horrela izango, izan ere, duela urtebete bezala, borroka feminista oraindik beharrezkoa dela ziurtatu dute.
Greba deitu ez, baina kaleak azken bi urtetan bezala betetzeko dei egin dute, batik bat emakume eta genero disidenteentzat jendarte hau "bizigaitza" dela ozen esan ahal izateko eta nolabaiteko feminismo konprometitu eta antolatua aldarrikatzeko.
Norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuko ditu borroka feministak martxoaren 8an, "gaur eta beti" eskuin mutur "zaharkitu, misogino eta homofoboari" aurre egiten dion bitartean.
Mobilizazio orokorrak Euskal Herriko hiriburuetan egingo dira. Bilboko manifestazioa eguerdiko 13:00etan izango da, Jesusen Bihotza plazatik.