Super Sur handitzearen aurka mobilizatuko dira otsailaren 29an

uriola.eus 2020ko ots. 20a, 12:40

Irudia: Ekologistak Martxan

Ampliacion Supersur Ez! plataformak Bolintxu salbatzeko manifestazioa deitu du otsailaren 29an arratsaldeko 18:00etan Arriagan. 

Super Sur handitzeko lanak gelditu eta Bolintxu salbatzeko garaiz daudela adierazi du plataformak. Hartara, datozen Bilboko inauterietan zein datorren asteko mobilizazioan Bolintxu bizirik nahi dutela aldarrikatuko dute.

Egindako agerraldian azaldu bezala, Ekologistak Martxan konpartsak Bolintxun bizi diren animaliak kalera aterako ditu Bilboko Inauterietan jantziko dituzten mozorroekin. Obrak egiteko behar diren makinen etorrerak, bertan bizi diren animalei kalte egingo diela azaleratzea helburu. 

Halaber, otsailaren 29an arratsaldeko 18:00etan manifestazioa egingo dute, Bolintxu bizirik nahi dutela aldarrikatzeko. Mobilizazioa Arriagatik abiatu eta udaletxe aurrean amaituko da.