Unibertsitateko tasak merketu eta bekak hobetzearen aldeko ikasle greba deitu du martxoaren 26an Ikasle Abertzaleak antolakundeak.
Bilboko Ingenieritza ondoan, gaur goizean emandako prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, azken hamarkadan ematen ari den "ofentsiba kapitalistaren" adierazle argia dira gaur egungo langabezia, prekarietatea eta murrizketak. Hala, ofentsiba horrek hezkuntzan ere eragina izan duela azpimarratu eta bai unibertsitatea, lanbide heziketa baita bigarren mailako hezkuntza ere, kapitalaren egungo beharretara moldatu dutela salatu dute, "hezkuntza kostuak garestitzeraino". Gainera, ikasleei ez ezik, besteak beste, irakasleei, garbitzaileei zein gurasoei eragiten dien problematika dela gehitu dute.
Horrenbestez, ikasketa prozesu osoaren garestitzeari "galga jarri" eta "doako hezkuntzaren norabidean aurrerapauso" bezala deitu du antolakundeak martxoaren 26ko greba. Halaber, Hegoaldeko lau hiriburuetan mobilizazioak egingo dituzte eguerdian.