Mugimendu Feministak lau mobilizazio deitu ditu martxoaren 8aren harira

uriola.eus 2020ko ots. 26a, 16:05
Irudia: Ecuador Etxea

"Aurten ere borrokan gaituzte! gora borroka feminista" lelopean martxoaren 8a dela eta Bilbon mugimendu feministak egingo dituen lau mobilizazioen berri eman dute gaur, Alde Zaharreko Zirika! gunean egindako agerraldian.

Martxoaren 5ean, arratsaldeko 19:00ean egingo dute lehen ekimena, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.

Ostiralean berriz, martxoaren 6an, "gure feminismoa antiarrazista dela" ozen esateko, goizeko 11:00etan emakume migrante eta arrazializatuak Atzerritarren Bulegoaren aurrean mobilizatuko dira. Arratsaldez, arrazismoa salatzeko eserialdia egingo dute 19:45etan Aldundiaren aurrean.

Martxoaren 7an, Kale Nagusiaren eta Astarloa kalearen arteko bidegurutzean elkartzeko deialdia egin dute, arratsaldeko 19:00etan. Feminismo antikapitalista bat aldarrikatzeko, kale osoa hartzeko asmoa dutela azaldu eta feminismoaren diskurtsoa erosi eta nolabait kontsumo bilakatu dutenak seinalatuko dituzte, goitik behera beltzez jantzita. 

Feminismoa antolatua dagoela nabarmenduko dute martxoaren 8an, Bilboko kaleak hartuko dituztela azpimarratuz: "Bilbo gure egingo dugu". Martxoaren 8an eguerdiko 13:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik mobilizazio nagusia.