Zinegoak Bilboko gayslesbitrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiak prentsaurrekoa eman du gaur, Marko Škop zuzendari eslovakiarraren Nech je svetlo (Let there be light) filma aurkezteko.
Suizidioaren gaiari nolabait ikusgarritasuna ematea eta LGTBI+ pertsonek pairatzen duten biolentzia heteropatriarkala salatzea dira aurtengo jaialdiaren bi helburu nagusiak; "justu azken bi elementu horien arteko bidegurutze horretako topatuko dugu let there be light film zirraragarria" azpimarratu dute Zinegoakeko ordezkariek.
Taldearen presio sozialaren aurka egiten dutenek ere, batez ere nerabeek, heteropatriarkatuaren indarkeria pairatzeko arriskua daukatela azaleratu nahi izan du Marko Škopek bere film honetan.
Let there be light filma Seminciko, Txikagoko zein Karlovy Veryko jaialdietan hautatua izan da azken hilabeteetan. Halaber, Oskar sarien azken edizioan Eslovakiako hautagaia izan da.
Bihar, martxoak 4, gaueko 21:15etan proiektatuko da Bilborock aretoan. Filmaren proiekzioaz gain Marko Skop zuzendaria bertan izango da ikusleek pelikularen osteko solasaldian parte hartzeko aukera izan dezaten.