Koronabirusa Bilbon

“Osasun-krisiak” ezkutatzen duenaz

Nahia Santander 2020ko api. 2a, 10:56

Alarmarako deien
alarmak hartuak
hemen gaude ikaraz
galdu xamartuak
gu, etxeko bakeak
erdi xarmatuak
ta kalean dabiltza
indar armatuak”. 

(Beñat Gaztelumendi)

 

Duela egun gutxi zorroztasun osoz jaurti zituen hitzok Beñat Gaztelumendi bertsolari donostiarrak; eta neu ere, etxeko lau hormen barruan, atera ezinik naukaten arren, buruan bueltaka ditudan berbak eta ideiak ordenatzeko unea heldu zaidalakoan nago. Inoiz bizi izan ez dugun egoeran aurkitzen gara oraingoan, eta askori, aitite-amamak kontatzen zizkiguten istorio horiek gogorarazi dizkigute gertaerok. Imagina ezin genezakeen desordena ezarri da, batzuk hala-moduzko erosotasuna topa zezaketen kantoietan. 

Martxoaren 14an, Alarma-egoera deklaratu zuen Espainiako Presidenteak, eta aurkaritza handirik gabe, herritarron osasunaren aldeko neurriak gainditzen zituen joko-zelaia arautu zuen. Izan ere, alarma-egoeraren pantailaren atzean, azken boladan, ezkutuzko salbuespen egoera argitara atera beharraz mintzo gara zenbaitzuk. Are gehiago, osasun-krisiaren aitzakiapean, agintari eta enpresaburuak bultzatzen ari diren neurriok azken hamarkadan gizartearen gehiengoa sufritzen ari garen lan eta bizi baldintzen kaxkartze gorakorraren baitan kokatu behar ditugula deritzogu. 

Bankari eta multinazional handiei ez zaie jendearen ongizatea axola; ala, hobeto esanda, eurek araututako ekonomiak martxan jarraitzeko beharrezkoa den neurrian baino ez zaie inporta. Zelan azal liteke, bestela, langile askori, kutsatuak izateko arriskuaren gainetik, lanera joaten segitzeko agindua ematen dieten bitartean, gehienon osasun-psikologikoa zalantzan jartzerainoko mugikortasun-debekuak inposatu izana? Errealitate gordinak baino ez garamatza erantzunera: dagoeneko ohartuko zineten, kutsadura saihesteaz gaindiko erreforma legal, kultural eta ekonomikoa abiarazi duela munduko oligarkiak. 

Horregatik diogu, gure ustez erreparatu beharrekoa ez dela soilik, gaur egunean, zein interbentzio-bide garatu behar dituen Estatuak kutsadura gelditzeko, horrek epe luzera, langileriari, eta batik bat, sektore babesgabeenei, ekar diezaiekeen eskubide galera baizik. Ezinhobeto baitaki espainiar burgesiak, Estatua ez dela egitura politiko neutral hutsa, eta hala mintzo dira, besteak beste, Pedro Sanchez bera ere, krisi garaoitan, “¡más Estado!”-ren beharraz. Estatu-egitura indartsu batek ahalbidetzen dienaz jakitun dira agintariak, eta gizartearen gehiengoa azken asteotan nabaritzen hasiak gara haren sendotzea. Tartean, indar-polizialek jarritako isun kopuru izugarria, erregistratu bako mehatxu sistematikoak, jazarpenak, harropuzkeriaz beteriko indar-erakustaldiak... Ebidentzia guztiei aurka eginez, eta inpunitate osoz gainera, José Ángel González Espainiako Polizia Nazionaleko karguak “anekdotatzat” izendatu zituen indar-armatuen “neurriz kanpoko” ekintzak.

Tamainiako ofentsiba politikoa ez litzateke bideragarria izango, ordea, herritarrok ez bagenu zipaioaren modus operandi-a dagoeneko barneratua izango; eta hala izan dadin egundoko esfortzua egiten ari dira agintarien mesederako masa-komunikabide handiak, baita euskaldunak ere. Hildakoen eta kutsatuen gorakadaren berri ematen digute orduro, baina honako egoera ekarri duten kausen inguruko azalpenik ez da inon ageri; albistegien zati esanguratsu bat hartzen dute polizien kontrol eta mehatxuen irudiek... Jokaldi aparta beldurra geure egin dezagun.

Sare sozialetako mezuak ez daude kontrol sozial itogarriaren ohitura barnerarazteko prozesutik salbu, eta ziur nago, lerrook irakurtzen ari den orok jaso duela inoiz kalean dagoen hiritar errugabe bati balkoietatik oihuka ari zaion nonorren bideoa. Bestalde, jokabideen diziplinamenduan aurrerapausua emateko zalantza izpirik ere ez du erakutsi Eusko Jaurlaritzak, jendearen mugikortasunaren kontrolerako aplikazioen erabilpena onartzeraino

Testuinguru orokor horrek ateak parez pare uzten dizkio munduko oligarkiari langileon lan eta bizi baldintzetan eskua sartu, eta guk hori gelditzeko beharko genukeen antolakuntzarako aukerak deuseztatzeko. Zentzu horretan, alarma-egoera deiturikoa errealki ofentsibarako salbuespen egoera izatearen larritasunak, Gazte Koordinadora Sozialistako militanteok salaketa kanpainia politikoa martxan jartzera eraman gaitu. Langileriaren ongizatea babesteko arduraz jokatzeak gezur antolatuaren aurrean, egia exijitzea, askatasun politikoen gabetzea salatzea, interes ekonomiko partikularrei osasun unibertsala gainjarri eta pandemia hau igaro ostean ere antolatzen jarraitzeko gaitasuna izan dezagun, gaur egungo egoeran ere gure ekarpen xumea egitea galdegiten du gure ustez. 

Izan ere, nork bermatu ahal digu, koronabirusaren uholdea gainditu ostean salbuespen egoeran hartutako neurriok ez dutela indarrean jarraituko?