Etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan "euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" egiteko gonbitea luzatu nahi du Euskaraldiak, apirilaren 20tik aurrera martxan jarriko duen "Etxealditik Euskaraldia" ekimenarekin. Hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa abiatzea eta euskararen erabilera sustatzea ditu helburu nagusi, horiek aurrera eramateko bitartekoak eskainiz.
Apirilaren 20an hasi eta ekimena amaitu arte, Euskaraldiak bideo laburren bitartez egunero parte hartzeko jarraibideak emango ditu Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi eta belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean.
Hiru atal nagusitan banatuta, datorren astelehenean argitaratuko den mezuak ekimenaren ingurukoak azaldu eta argibideak eskainiko ditu. Apirilare 21etik 23ra berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. Hirugarren atala, azkenik, apirilaren 24tik 30era izango da eta bertan egunerokotasunea neta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi proposamen kaleratuko dituzte. Ekimenaren amaiera maiatzaren 3an egingo da, komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna emateko ekintza batekin.
"Ekimena bere egitera eta parte aktiboa" izatera dei egin diete herritarrei, sare sozialen zein fisikoki parte hartzeko bide ezberdinekin. Gainera, ekimena bitartean sortutako bideoak saretuz gero, @euskaraldia aipamena egitea eta #EtxealditikEuskaraldira traola baliatzea azpimarratu du antolakuntzak.