Apirilaren 21eko eta 22ko greba digitalarekin bat egin du KASKA & ROLL dinamikak

uriola.eus 2020ko api. 17a, 10:36

Apirilaren 21ean eta 22an hainbat euskal kulturgilek deitutako greba digitalarekin bat egin du Kaskagorri Gazte Konpartsaren KASKA & ROLL dinamikak. 

Euskal Kulurgintza egoera larrian dagoela ikusarazteko dagoeneko 647 kulturgilek bi eguneko greba digitala egiteko deia zabaldu dute, bi egunez sareetan kultur edukirik ez partekatzeko deia alegia. Bilboko Kaskagorri Gazte Konpartsaren KASKA & ROLL dinamika ere, itzalaldira batu da. 

Era berean, kulturgintzaren inguruko gogoeta ariketa bat proposatzea, koronabirusak sortutako krisiari erantzuteko neurri zehatzak hartzea eta Euskal Herriko kulturgileen arteko elkargune bat sortzearen aldarrikapenekin bat eginez, Bilboko gazte sortzaileei grebara batzeko deia luzatu die konpartsak. Atxikimendua adierazteko sareetatik dinamikaren kartela zabaltzeko gonbitea luzatu dute. 

Honekin lotuta, datozen asteotan KASKA & ROLL dinamikaren eduki gehiago argitaratuko dutela adierazi du Kaskagorrik, besteak beste, Deustuko Lurrikara taldeari eta Alde Zaharreko gazte sortzaileen dinamikari egindako elkarrizketak, baita egungo gazte sortzaileen egoera ezagutzeko inkesta bat. 

Datorren asteko greba digitalaren inguruko informazio gehiago jasotzeko sakatu hemen.