Pasilloa ez da irteera?

Manu Robles-Arangiz Fundazioa 2020ko mai. 12a, 16:13

Bagenuen pasilloei egundoko beldurra zien lagun bat. Beno, ez, ez zien pasillo denei; supermerkatuan airoso joaten zen orgatxoa eskuan hartuta pasta-pasillotik alkohol-pasillora, eta eskolan, ere ez dut gogoan estuasunik sartzen zitzaionik gela batetik bestera joaterakoan.

 

Alabaina, bukaerarik antzematen ez zion pasilloen aurrean erabat uzkurtzen zen laguna, gorputza gogortzen zitzaion harrizko bihurtzeraino eta ahotsa erabat mututu hats izateraino. Guri aspaldi xamar kontatu zigun bere beldurraren berri, umorez erantzun geniola gogoratzen dut konturatu ginen arte bene-benetakoa zuela beldur hura. 

Eta, zer egiten duzu halakoetan?Posible al dugu moduren baten lagundu? Pasilloei beldurra zien lagunak esan zigun ezetz, ez zuela nahi inoren eskurik laguntzeko, ez zuela nahi bere beldurren biktima izan eta garatu zituela supermegaultrateknika batzuk. Ez genion galderarik egin behar izan soluzio horiek jakin nahi genituela konturatzeko. Lehenengoa zen etxekoari galdetzea (pasillo luze eta ezagunetan erabiltzen zuen teknika hau batez ere, arrazo begiratzen ziotela zioen, barkatu, zer dago pasillo hau bukatuta?); Bigarrena zen (teknika hau galdetzeko gogo edo indarrik ez zuenetan jartzen zuen praktikan) begiak ixtea, disimuluan ahal bazen, baina geroz eta garatuago omen zuen teknika. Ttak, begiak itxi, pausoak ematen hasi eta nondik nora zebilen jakin gabe, kontentu. 

Lagunari esaten genion beldur hori gainditu beharra zeukala, pasabide bat besterik ez zela pasilloa, hankak mugitzea bakarrik zela baina gure gorputza bihurtu da harrizko. Eta pasillo bat ikusten dugu pare parean, luzea, nora garamatzan ez dakiguna. Galdetzen diegu, barkatu zer dago pasillo hau bukatu ostean? Arraro begiratzen digute baina seguru erantzuten dute esanez normaltasuna dagoela hortxe, krisi sozial/politiko/ekonomiko latz bat, inoizko pobrezia tasarik altuena, gosea pribatizazioak eta hauteskundeak joujoujoujou. Gorputzaren pare, zerua bera ere harrizko bihurtzen da orduan eta begiak ixten ditugu, disimuluan. 

25.341 gaixok eman dute positibo Euskal Herrian, 1.923 hildako, Zubietako erraustegitik behera doan errekan ehunka arrain hilda, Angelun hilketa matxista, Jaurlaritzak zozketa bidez erabakiko du kulturgileentzako diru-laguntzen ordena, Talka gune feministaren desalojoa, militarrak Iruñean, Donostiako metroan 19 orduko lan-jardunak, kartzelak, kartzela bihurtutako etxeak, kaleratzeak, kalera ateratzeko debekuak, erresidentziak, konpondu gabeko grebak, grebarik gabeko koponbideak… lasai, pasilloa bukatzen ari zara joujoujou, pausu bat, laster hurrengo fasea, hortxe, hortxe dago atea, hortxe dago bukaera.

Ezetz. Gelditu eta hartu arnasa. Bideak eraman behar badu bere baitan soluzioa, eta fasekako pasillo agoniko hau ez da bidea, eta pasillo hau ezin da gurutzatu begiak itxita, are, pasillo hau ezin da gurutzatu, ez daukalako bukaerarik. Eta ez bada hortik? Beraiek esaten diguten larrialdi irteeraren bestaldean begiak itxita ere beldurtzen gaituen gizarte bat badago, nola joango gara eurei segika? Eta beste irteera bat hasiko bagina bilatzen, edo sortzen edo benetan egiten? Eman buelta erdi bat ezkerrera eta ostegunean, maiatzaren 14an, 18:00etan, hitz egingo dugu honetaz ela.eus web orrian. Jarriko diegu beldurrei izena eta itxialdi honi jarriko diogu gure alfonbra gorria irteteko. Gonbidatuta zaude! Pasilloei egundoko beldurra zien gure laguna ere bai, noski. 

Manu Robles-Arangiz Fundazioa