Igandean zabalduko dute berriz Areatzako lore azoka

uriola.eus 2020ko mai. 13a, 15:34

Maiatzaren 17an, igandea, ohiko salmahaien %50arekin zabalduko du Areatzako lore azokak. 

Martxoaren 15ean osasun larrialdiaren eraginez bertan behera geratu zen igandero Bilboko Areatzan kokatu ohi den lore azoka. Datorren igandean, maiatzaren 17an alegia, mahaien kopuruaren erdia soilik itzuli ahalko da salmahaietara.

Horrela azaldu du gaur goizean Bilboko Udalak, "ohiko 14 saltzaileetatik 7 kokatuko dira, eta txandan-txandan ibiliko dira, domeka batean batzuk eta hurrengoan besteak, salmahaietan." denon segurtasuna bermatzeko asmoz. 

Gainera, higieneari eta gorde beharreko tarteari dagokionez hainbat neurri ezarri dira: 

  • Salmahaien eta jendearen arteko tartea bi metro izango da uneoro, gutxienez.
  • Salmahai berean dauden saltzaileek ere bi metroko tartea gorde beharko dute gutxienez, eta, tarte hori gordetzea ezinezkoa denean salmahaiaren neurriengatik, merkataritzazko jardueran pertsona bakarra jardun ahal izango da.
  • Bezeroen artean bi metroko tartea gorde beharko da, nabarmen, eta lurrean markak ipiniko dira horretarako, edo balizak, kartelak edo beste nolabaiteko seinaleak.
  • Gel desinfektagarriaren banagailuak eduki beharko dituzte salmahaiek, saltzaileek nahiz bezeroek erabiltzeko.
  • Azokak sorrarazten dituen hondakinak poltsetan sartuta bota beharko dira garbiketako eta zaborrak batzeko udal zerbitzuek horretarako ezarritako edukiontzietara.
  • Azkenik, COVID-19aren birusak jota egoteagatik etxean bakanduta egon beharra duten pertsonak edo gaitzaren sintomaren bat dutenak ezingo dira joan azokara saltzera; ezta ere birusaren sintomak ageri zituzten pertsonekin edo diagnostikoa zeukaten pertsonekin harremanetan egon direlako berrogeialdian egon beharra dutenak ere.