Bertan behera geratu da Bilboko Aste Nagusia

uriola.eus 2020ko mai. 15a, 12:25

Bilboko, Gasteizko eta Donostiako jaiak ez ospatzea adostu dute hiru hiriburuetako alkateek.

Koronabirusak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako egoera baloratu eta hiru hiriburuetako alkateek, lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin eta hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiekin egindako azken batzarren ostean, osasun aholkuak jarraituz aurten Aste Nagusirik ez ospatzea erabaki dute. 

Era berean, hiri bakoitzeko udal lantalde eta gizarte eta kultur eragileekin lan egingo dutela adierazi dute 2020ko udan kultur, arte eta aisia jardueren egutegi bat prestatze aldera. 

Hiru alkateek hartutako erabakia bat dator Eusko Jaurlaritzak jai eta kultur ekitaldiak ospatu ahal izateko emandako irizpideekin. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adostutako erabakia berretsi du: zuhurrena eta zentzuzkoena delako. Ez da gutako inork gura zuena, baina argi daukagu lehenbizi osasuna datorrela. Pertsonengan pentsatu behar dugu lehenik. Bilbok beste jarduera batzuk izango ditu ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean. Alternatibak landuko ditugu, poza, jaia, artea, umore ona eta dibertsioa gure kaleetara eta gure bizitzetara itzuli daitezen. Gora Marijaia! Gora Aste Nagusia! Gora Bilbo! “.