Mobilizazioak Bilbon Patxi Ruiz presoari elkartasuna adierazteko

uriola.eus 2020ko mai. 20a, 10:48
Patxi Ruizen aldeko elkarretaratzea. 2020-05-19

Hamargarren eguna du Patxi Ruiz presoak gose eta egarri greban, kartzelazainen mehatxuak eten daitezen exigitzeko. Bilbon hainbat mobiliazazio egin dituzte presoari elkartasuna adierazteko. Gaur elkarretaratzea eta kotxe karabana egingo dituzte.

Patxi Ruiz presoak gose eta egarri greba hasi zuen joan den maiatzaren 11an kartzelazainen mehatxuak salatzeko. Murtzia II espetxean dago Iruñeko presoa eta bertako presoek protestak egin dituzte Covid-19aren krisia argudiatuta egin diren eskubide murrizketak salatzeko. Horietako batean parte hartu ondoren eta mobilizazioen burua izatea egotzita, funtzionarioek eta espetxeko zuzendari eta segurtasun arduradunek mehatxatu egin zuten, Ruizen esanetan.

Mehatxu horien aurrean defendatzeko zauriak egin zituen besoetan, eta ondoren gose eta egarri greba hasi zuen. Hamargarren eguna du ezer jan eta edan gabe, eta kartzelak serum sarrera batera konektatzeko egindako eskaintza errefusatu du. Medikuaren irainak ere salatu ditu.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM) kartzeko zuzendariaren "jarrera zitala" salatu du, Patxi Ruizen abokatuekin elkartzeko  "inolako intentziorik ez daukalako".

Mobilizazioak Bilbon

Presoari elkartasuna adierazteko hainbat mobilizazio egin dituzte. Bilbon manifestazioa egin zuten iragan larunbatean. Astelehenetik egunero egin dute elkarretaratzea Unamuno plazan 20:30an. Gaur, maiatzak 20, berriz elkartuko dira bertan. Gaur ere, kotxe karabana egingo dute Boluetan. 19:00etan abiatuko dira Telleria kaletik. Ostegunean, aldiz, Deustuko Erriberako plazatxoan kontzentrazioa egingo dute 20:00etan.

Hainbat presok protestak abiatu dituzte Patxirekin elkartasunean. Tartean, Puerto III presondegian dauden Errekaldeko Daniel Pastorrek eta Uribarriko Oskar Barrerasek kartzelak ematen dien janariaren erretiluari uko egiten diote maiatzaren 12tik, eta Itziar Moreno San Inaziotarrak 24 orduko baraua egin zuen Renneseko kartzelan maiatzaren 18an. Deustun 24 orduko txandakako baraualdia hasi zuten maiatzaren 15ean Deustuko Armada Gorriko kideek.