Bilboko Euskal Museoak eta Berreginen Museoak ekainaren 3an irekiko dituzte ateak

uriola.eus 2020ko mai. 28a, 10:23

Ekainaren 3an ateak berriz zabalduko dituzte bi museoak, hiru hilabete igaro ondoren. 

Bilboko Euskal Museoak eta Berreginen museoak ekainaren 3an irekiko dituzte ateak berriz, alarma-egoera dela eta, ia hiru hilabete itxita egon ondoren. 

Deskonfinamenduaren 2. faseak arautu bezala, museoek jaso ahalko duten edukiera %50ekoa izango da eta bisitari orok maskara eraman beharko du bertara sartu ahal izateko. Halaber bisita hasi baino lehen derrigorrezkoa izango da eskuak gelarekin garbitzea. Bisitari guztiei tenperatura hartuko zaie, eta 37º-tik gorakoa bada, pertsona ezin izango da instalazioetara sartu, horiek dira besteak beste neurririk nabarmenenak. Distantziari dagokionez bisitariak gutxienez bata bestearengandik bi metrora egon beharko dira bisita egin bitartean.

Aldaketekin jarraituz bi museoek ohi baino ordubete beranduago irekiko dituzte ateak, 11:00etan aurretik behar diren garbiketa lan guztiak gauzatu ahal izateko. 

Hiru hilabetez formatu digitalean soilik eskaini dituzten kultura eta kultur espazioak sustatzea helburu, ekaineko ostegunetako sarrera doakoa izango da. Azkenik, deskonfinamenduaren bigarren fasea amaitu arte museoaren bisita librea eta bisita gidatua izango dira baimendutako jarduera bakarrak. Bi kasuetan, bakarka edo bizilagunez osatutako taldean egin beharko da, eta bi metroak mantendu beharko dira (inoiz ez 10 pertsona baino gehiago talde berean). 

Euskal Museoa

Euskal Museorako sarrera Unamuno plazatik soilik egin ahalko da, museoaren edukieraren kontrol zorrotzago bat eramateko helburuarekin, Gurutze kaleko sarrera zerbitzuz kanpo egongo da momentuz. Ordutegiari dagokionez, aldaketa txiki bat, izan ere, larunbatetan ordutegi jarraituan irekiko da, eguerdiko deskantsu tartea alde batera utzita. Amaitzeko, eraikinaren 3. solairua itxita egongo da, berrikuntza proiektu batean murgilduta baitago.