Ekainaren 7an "plazak aldarriz betetzeko" deialdia zabaldu du Hamaika Garak

uriola.eus 2020ko mai. 28a, 11:41

Plazak berreskuratu eta aldarriz betetzeko asmoa du Hamaika Garak ekainaren 7an goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean. 

"Hemen erabaki, herritarrok erabaki" lelopean ekainaren 7ko ekimenean parte hartuko duen pertsona orok bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eraman beharko du hau lurrean utziz. 

Burujabetza eta erabakitzeko eskubidea helburu dituen elkarlanerako espazio berri batean lanean aritu da Gure Esku gizarteko alor askotako eragileekin, besteak beste, AEK, EHNE, ESK, LAB eta Etxalde sindikatuak, Ikastolen Elkartea, Ernai Gazte Antolakundea, Sare eta Euskal Herriko Bilgune Feminista. 

Egindako harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena martxan jarri zuten martxoaren 11n. Egitasmoa aurkeztu eta egun batzuetara ezarritako alarma-egoerak abiatuko zuten erreferendumaren aldeko sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi behar izan zioten martxoan, nahiz eta hau egitasmoaren ardatz nagusia izan. Horrez gain, aurreikusitako mobilizazio guztiak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek. 

Konfinamendu bitartean Gure Eskuk Gelditu.Hausnatu. Erabaki solasaldi digitalak antolatu ditu, "norantz jo nahi dugun hausnartzeko". Orain, fase berri honetan, "gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia" dela uste du dinamikak: “premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”. Hori dela eta Hamaika Gara ekimenean elkartutako eragileek herri erantzun bat emateko deialdia zabaldu dute gaur goizean "hemen erabaki, herritarrok erabaki" lelopean. 

Horrela, plazak berreskuratzeko ea aldarriz betetzeko helburuarekin, ekainaren 7an mobilizaziora deitu dute jendartea, goizeko 11:0etatik eguerdiko 14:00etara. Parte-hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramango du, lurrean utziz. 

Azkenik erreferendumaren aldeko sinadura bilketa berrartzeari ekingo diotela adieraz dute, udazkenetik aurrera kanpaina indartuz.