Hala adierazi zuen sare sozialetan Arkaitz Zarraga euskaltzaleak joan den ostiralean. Duela bi urte udaltzainei euskaraz egiteagatik jaso zuen isunaren aurkako helegitea aurkeztu ondoren, epaileak arrazoi eman dio eta 900 euroko isuna bertan behera utzi du. Epaiketa irabazteagatik pozik, baina konforme ez dagoela adierazi digu Zarragak.
2018an jarri zizuten isunaren aurka egiteko asmoz epaitegietara jo zenuen. Orain epaia heldu da, zer dakar horrek?
Udaltzainak jarritako isunak bertan behera geratzen direla dio nagusiki epai horrek, hots, epaia nire aldekoa dela. Beste gauza bat da epai horrek dakarren gertatutakoaren irakurketa: argi eta garbi epaile erdaldun batek emandako epaia dela ikus daiteke.
Zergatik diozu hori?
Ez du inondik inora kontuan hartzen euskaldunon eskubideak zeintzuk diren eta nola, edozeren gainetik, eskubide horiek errespetatuak izan behar diren. Epaileak intepretatzen duena, nire eskari horri nolabait ere kasurik egin gabe, nire edukazio falta da eta Mozal Legearen arabera edukazio txarra ez da epaitzen. Horrela irakur daiteke nik edukazio txarrez jokatu nuela, nik udaltzainari aurpegitik hamar zentrmetora oihukatu niola onartzen du, eta niretzako hori da mingarria. Berak zer daki zer gertatu zen hor!
Epaileak isunak bertan behera utzi izanak Bilbon aurrekari positiborik izango duela uste duzu?
Espero dezagun. Hemen nolabait gertatzen dena da normalean hizkuntz eskubideei uko egiten diegula. Gogorra egiten zaigu beti matrakan ibiltzea, ni neu ere ez pentsa horrela ibiltzen naizenik, ez da posible. Baina noizean behin egiteak badakar bere gatazka puntua eta behintzat batzuetan ikus daiteke irabazi egiten dugula. Espero dut euskalgintzak edo edozein zuhaitzetik kanpo dagoen edozein euskaldunek ere kontuan har dezala eskubidea eskubidea dela.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak abian jarritako Akuilari aplikazioa, adibidez, errez deskargatu daiteke telefonoan eta aplikazio hori esker,, edozer gertatzen zaigula, salaketa jartzeko aukera daukazu. Egunean bi urraketa jasotzen ditu aplikazio horrek, pentsa egunean hamar salaketa egitera helduko bagina, saltoa kualitatiboa litzateke guztiz.
Epaiarekin pozik bai, baina konforme?
Konforme ez, epaia erdera hutsean bidali dute. Oso sinplea zirudien epaiketa, gainera, lau hilabeteko atzerapenarekin heldu da. Horrek adierazten du zelako begirune eza daukaten euskaldunekiko.
2018ko desmuntaian zeundela udaltzain batekin izandako afera batengatik jaso zenuen isuna, euskaraz hitz egiteko eskatu zeniolako. Zer erantzun jaso zenuen?
Berak esan zidan eskubidea zuela ofizialak diren bi hizkuntzatan hitz egiteko. Momentu horretan Basauriko Udaleko trebatzaile lanetan nenbilen, hain justu, eskubideak zeintzuk diren eta halako egoeretan nola jokatu behar den besteak beste udaltzainei azalduz. Ni honetan ibiltzen naizela azaldu nionean, berak harrokeriaz erantzun zuen.
Hizkuntza-eskubideak aldarrikatzen ditugunean erabateko ezjakintasuna dago, alde batetik, jendearen artean eta, bestetik, udal-langileen artean. Kontzientziazio lan bat egiteko dago hor, Bilboko Udalean, bereziki.
Udaltzainak, nire edukazioa mahai gainean jarriz, erabateko prestakuntza dutela eta oso prestatuta daudela holako egoerei erantzuteko azaldu zidan. Gezur hutsa da, Bilboko Udalean ez da egon interbentzio bakar bat ere ez hizkuntz eskubideen inguruan, utzikeria hutsa da.
Bilbon euskararen ordenantzarik ez izateak gertaera horren ondoriotzat jotzen duzu?
Zalantzarik gabe. Euskalgintza 90eko hamarkada hasieratik darama, hain zuzen, Udalari ordenantza eskatzen. Euskalgintzaren aldarrietako bat da eta horren beharrik ere ez onartzeak erakusten du zelako jarrera duen Bilboko Udalak euskararekiko.
Isunaren aurka egiteko epaitegietara jotzea erabaki zenuen momentutik babestuta sentitu zara?
Bai, oso. Hori benetan izugarria izan da. Bai bilboko euskalgintzatik, bai euskalgintzatik, oro har, oso babestuta sentitu naiz. Era guztietako ardura duten euskalgintzako elementu askok ere babesa helarazi didate prozesu guzti honetan zehar eta horrek esperantzarako argi izpi bat ematen du.
Ez dut zalantzarik hau guztion indarrarekin lortu dela. Eskerrik asko, beraz, konpartsei, Hau Pittu Hauko konpartsakideei baita inguruko konpartsakideei ere. Eta ea lortzen dugun apurka-apurka zapalkuntza horiek agerian uztea eta euskaraz bizitzea abentura bat ez izatea.