7000 langile dira guztira egun ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektorean dihardutenak, Euskal Autonomia Erkidegoan urtean 768 milioi euro sortuz.
Gizarteak eta batez ere instituzioek entzun ditzaten kaleratutako manifestuaren arabera, sektorearekiko babesgabetasuna eta sentsibilizazio falta nagusitu dira azken hilabete hauetan enpresen, besteren konturako langileen, autonomoen eta artisten etorkizun ekonomikoa egoera larrian utzita.
"Gaur egun, erakundeek ez dute jarduerara itzultzeko estimazio errealistarik, ezta bestelako proposamenik ere. Are gehiago, baliteke zuzeneko irudikapenen ezaugarri bereziengatik, hilabete batzuk barru ere bideragarriak ez izatea, bai osasun edo logistika arrazoiengatik, bai irudikapen horien sustatzaileentzako errentagarritasun ekonomikoagatik."
Izan ere, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektorea lehena izan zen jarduera bertan behera uzten eta aurreikuspenen arabera, azkenak izango dira lanera bueltatzen.
Erakundeen inmobilismoak sektoreko enpresei eragingo dien porrota saihesteko beraz, sektorearenganako premiazko arreta eta proposamen ezberdinen balorazioa eskatu dizkiete instituzioei, proposamen ezberdinak mahai gainean jarriz: besteak beste, jendaurreko edozein ekitalditan segurtasuna eta higienea bete ahal izateko protokolo espezifiko bat egitea, une honetan jada planteatuta dauden jardueren bideragarritasuna bilatzea eta azkenik beste industria-sektore batzuei bermatu dieten antzera, salbuespenezko laguntza bat ezartzea, erabateko jarduera berreskuratu arte hedatuko dena.