Joan den asteartean Bilboko Alde Zaharreko Bira kulturgunean aurkeztu zuen Galder Perezek Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record obrak biltzen dituen liburua.
Lehen aldia da idatzitako obrak liburu batean elkartzen dituzula. Nola sentiarazi zaitu horrek?
Egia esan, liburuaren idazketa prozesu hori baino, gerora etorri den guztia izan da niretzako politena. Idaztera ohituta nago dagoeneko, baina liburu batek dakarren lanketa hori oso ederra izan da. Liburua behin idatzita, Oier Gillan eta Gaizka Sarasola egon dira editore moduan eta hori da gehien gozatu dudana, lana partekatzea. Zure testua liburu batean ikustea ere oso potentea da. Antzerkian, adibidez, aurrean daukazun ikuslea ikusteko aukera daukazu, liburu batekin ordea kontrol hori galtzen da guztiz liburuak bere bidea berak bakarrik egiten duelako, eta hori ere polita da.
Zer dakar 'Hiru geltoki lurrun' liburuak?
Hiru geltokira eramaten gaituen trena dakar liburuak, abiadura handiko dramak. Hiru testuak bata bestearengandik nahiko diferenteak diren arren, aldi berean gauza asko partekatzen dituzte: politika, intimitatea eta mina oso presente dago hiruretan. Lurrun minez obran nahasmena da nagusi, Lau metrora testuan susmoa nabarmentzen da eta Off the record testuan ebidentzia plazaratzen da. Politiketatik etortzen zaizkigun minek ere antzeko zerbait erakusten dute nire ustez, hasieran nahasmena eragiten dute gugan, ostean, horri susmoa hartzen diogu eta, azkenean, ebidentzia mahai gainean jartzen da. Hori izan da testu hauek aukeratu eta orden honetan jartzearen arrazoia.
Nolako harrera izan du?
Joan den asteartean aurkeztu genuen eta, beraz, oso goiz da oraindik. Dena den, antzerki mundutik kanpo dagoen jendearen mezu asko jaso ditut eta hori oso ederra izan da. Batzuetan, beldurra eman dezake antzerkia irakurtzeak zeri heldu ez dakizulako, guk ere ahalegin hori egin dugu, esate baterako Lurrun minez testua bertsio literarioan utzita, irakurlearentzako errezagoa da kronologia errealarekin jarraitzea.
Koronabirusaren ondorioz udaberrian aurkeztu behar zenuten 'Lurrun minez' obra bertan behera utzi behar izan duzue. Zein da asmoa?
Urriaren hasieran estreinaldia egitea da gure asmoa. Momentu honetan ez dago batere argi, Arriaga bezalako antzoki batzuk zabaluko dituzten arren, beste areto batzuekin antza zalantza asko dago. Lurrun minez obra, gainera, "kontaktu obra" bat da, sexua oso presente dago etengabe eta hori ere ez dakigu nola kudeatu. Oso anbiguoa da orokorrean, alde batetik, ez dakigulako birusarekin zer gertatuko den eta, bestetik, araudiari dagokionez, egun batetik bestera gauzak ere aldatzen ari direlako. Latza da beti horren pendiente ibili behar izatea, bai kulturan, bai beste sektore batzuetan ere.
Itxialdia testu berriren bat idazteko erabili duzu?
Niretzat behintzat itxialdia ez da sormenerako momentu egokia izan. Umeentzako antzerki testu bat idazteko enkargua egin zidaten eta hasieran asko kostatu zitzaidan horretan kontzentratzea, blokeo handia izan dut. Jende asko, adibidez, oso gurpil arraroan sartu da streaming bidezko edukia sortzen eta, egia esan, ez dakit horrek nora eramango gaituen, dirudienez ez dauka atzera bueltarik.