LGTB+ Askapenaren Nazioarteko Egunean kaleak hartuko ditu Bizkaiko E28 koordinadorak

uriola.eus 2020ko eka. 19a, 12:01

"Saretuz borrokak dirau! Perseguides, clandestines, unides" lelopean LGTB+ Askapenaren Nazioarteko Egunean kaleak hartzeko deialdia egin du Bizkaiko E28 koordinadorak. 

Ekainaren 28an deitu duten LGTB+ Askapenaren Nazioarteko Eguneko manifestazioaren eta horren harira antolatu duen egitarauaren berri eman du gaur Bizkaiko E28 koordinadorak. 

"Saretuz borrokak dirau Perseguides, clandestines, unides" leloak azken hilabeteetan bizitako egoeran sostengu sareek hartu duten garrantzia goraipatzea du helburu, izan ere, "pertsona askorentzako baliabide bakar bilakatu dira, instituzioen utzikeriagatik". Horrez gain, sare horiek  "bizirauteko, babesa bilatzeko, elkar aurkitzeko eta bakarrik ez gaudela jakiteko" sareak direla gogoratu dute. 

Ekainaren 28an bertan kaleak hartzeko deia egin duten arren, ekintza ezberdinez beteriko egitaraua antolatu dute ekainaren 25etik uztailaren 5era bitartean. 

Ekainaren 25ean, adibidez, Bilbiko plazan 21:45ean aire libreko zinema antolatu dute, Xake Espazioa eta Zinegoak elkartearekin batera. Bertan  Brasilgo totalitarismoaren gorakadan trans pertsonak nola antolatzen diren erakusten duen Indianara dokumentala proiektatuko dute. Ekainaren 26an ordea, E28ko koordinadoran lanean diharduten kolektibo zein norbanakoek mahaingurua eskainiko dute Karmela Espazioan arratsaldeko 19:00etan.  Uztaila hasieran ere hitzaldi eta mahainguru ezberdinak antolatu dituzte. 

LGTB+ Nazioarteko Egunean, ekainaren 28an, goizeko 12:00etan Karmelan Ozen LGTB Ligak hitzaldia eskaintzeaz gain arratsaldeko 18:30ean Moyua plazan hasi eta Areatzan amaituko den manifestazio orokorrera joateko deialdia zabaldu dute.