Bertsolaritza eta flamenkoa uztartuko dira uztailaren 15ean Euskal Museoan

uriola.eus 2020ko eka. 25a, 12:21

Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrieta flamenko dantzariaren eskutik uztailaren 15ean arratsaldeko 19:00etan Gorria antzezpena eskainiko du Euskal Museoak. 

Bilboko Euskal Museoak berriro ekingo dio Klaustroan ekitaldiak eskaintzeari. Uztailaren 15ean izango da lehenengo hitzordua, Miren Amurizaren eta Askoa Etxebarrietaren eskutik etorriko den Gorria ikuskizunarekin.

Doako jarduera izango da uztailaren 15ekoa, hortaz pilaketak saihesteko ikuskizunera bertaratzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea. Hauek 94 417 54 23 telefono zenbakiaren bitartez lortu ahalko dira. 

Egungo egoeraren ondorioz, Klaustroaren edukiera mugatu behar izan du museoak. Higiene eta segurtasun neurriei dagokionez publikoak ikuskizuna eserita ikusi beharko du eta espaziora sartu aurretik, pertsona orori tenperatura hartuko zaio, maskara jarrita izan eta eskuak garbitu behar izateaz gain.