Atxurigorrirekin, Bolintxu Bizirik plataformarekin, Kalderapeko tabernarekin eta Iralako eta Bilbo Zaharreko jai batzordeekin elkarlanean konpartsek garatutako ekintza da Txosnaginkane orientazio ibilbidea. Bilbo inguruko mendi eta natura espazioak ezagutu eta disrutatzea helburu, guztira 200 lagunek hartu dute parte aurtengo ibilbidean. Ekimena "normaltasunez" burutu dela adierazi dute konpartsek.
Bi sari nagusi izan ditu ginkanak, bide osoa osatu dutenen artean Kalderapeko Jatetxean bi pertsonentzako bazkaria zozketatu dute. Ibilbidean parte hartu dutenen artean aldiz, Bilboko Konpartsen material sorta eskuratu ahal izan dute zozketaren irabazleek.
Ibilbidearen ezaugarriak
Antolakuntzatik adierazi dutenez, hiru ibilbide ezberdin izan ditu ginkanak. Lehena, San Adrian auzoan hasi eta Atxurin amaitzen dena, guztira 19,17 kilometroko bidea osatuz. Bigarrenak ordea 16,16 kilometro izan ditu eta Bilbo Zaharrean hasi eta Iralan amaitu da. Amaitzeko azken zirkuitua 11,2 kilometrokoa izan da eta Abusu eta Bilbo Zaharra inguruan antolatu da.
Antolatzaileek azpimarratu dute Bolintxu errekak protagonismo berezia izan duela, izan ere, "Bilboko paraje natural bakarrenetakoa da eta mendizaleek asko estimatzen dute". Horrela Supersurren lanak direla eta, suntsitzeko mehatxupean dagoela gogoratu dute.