1916. urtean eraiki zuten Bilboko Urazurrutia kaleko sehaska etxea. Urte luzez auzoko emakume langileen beharrei bideratutako espazioa izan zen, izan ere, lanera joan bitartean umeak bertan uzteko aukera bermatzen zien espazio honek. Denboraren poderioz bestelako funtzio batzuk garatu ditu, besteak beste, 2018an itxi zuten haurreskola. Egun BBKk, Garapen Jasangarrirako Helburuen etxea eraikitzeko prozesua abiatu du, Bilbo Zaharreko auzo elkartearen arabera, auzo elkartearen eskakizunak alboratuz eta gizartearen iritzia kontuan hartu gabe.
Haurreskolak ateak itxi zituenean "kezka handia sentitu eta eraikinaren etorkizunari buruzko informazioa zein honen erabilera adosteko prozesu parte hartzaile bat eskatu genuen, gure auzoetako ekipamenduek, historikoki publikoak izan direnak, auzoko gehiengo sozialaren beharrei erantzun behar dietela uste dugu" hori da sehaska etxea defendatzen jarraitzeko arrazoi nagusietako bat.
Hori dela eta, etorkizunean sehaska etxeak auzoko bizilagunen beharrei erantzuteko eta auzoa kohesionatzeko baliagarria izateko eztabaida publikorako prozesu bat irekitzea aldarrikatu du auzo elkarteak, azken asteotan antolatutako prentsaurreko eta agerraldietan. Bihar, uztailak 23 kalejira zaratatsua deitu dute Bilbo Zaharreko plazatik abiatuta.