'Ez dok ero' ikuskizuna aurkeztuko du Tartean Teatroak azaroaren 10ean Arriaga antzokian

uriola.eus 2020ko ira. 8a, 10:11

Azaroaren 10ean eta 11n estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatzen duten ED3 bikote artistikoaren antzezlan berria.

Jokin Oregik zuzendutako eta Patxo Telleriak idatzitako ikuskizunak bikote artistiko baten istorioa dakar.

Estreinaldia azaroaren 10ean eta 11n egingo dute Bilboko Arriaga antzokian. Ostera, azaroa eta abendua artean, besteak beste, Donostin, Astigarragan, Oñatin eta Etxarri-Aranatzen izango dira. Hau da sinopsia:

“Mikelote eta Pantxo” bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute.

Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eskenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du.

Egun batean Mikelote, “antzerkilari andante” estrafalarioa, Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskalerrian barna joateko, herriz herri antzeztera, “Euskal Antzerkiak Behar Gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz. Mikeloteren imaginazioak sorturiko pertsonaia harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredatuko dira.

 

2021ean gehiago

Udazkeneko birarekin batera, 2021eko urtarrila amaieratik aurrera Euskal Herriko beste hainbat txokotara eramango du Tartean Teatroak 'Ez dok ero' ikuskizuna, Sopela, Durango, Erandio, Tolosa eta Eibar haien artean.