DBHko 2. mailatik gorako ikasleen itzulerarekin batera "gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua" lelopean greba eguna deitu dute bihar Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sindikatuek. Eskoletara itzultzeko Hezkuntza Sailaren kudeaketak "onartezina eta arduragabea" izaten jarraitzen duela adierazi dute sindikatuek, "aldebakarrekoa eta adostu gabekoa, berantiarra eta langile zein familiengan etengabeko ziurgabetasun egoera sortzen ari dena".
Besteak beste plantillak handitzea, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua 10 edo 15 ikaslera murriztea eta langileekin adostutako protokolo "eraginkor" bat exijitzeko greba izango da biharkoa.
Mobilizazioak Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitu dituzte. Bilboko manifestazioa goizeko 11:00etan abiatuko da Arriaga plazatik.
Grebarekin bat
Bestetik, hezkuntza sindikatuek iragarritako grebarekin bat egin dute Ikasle Sindikatuak eta hezkuntza arloko azpikontratetako langileek. Horrela, aurrez aurreko itzulera seguru eta adostuaren alde garbiketa, eskola-jangela eta eskola garraioko langileak biharko mobilizazioetan izango dira.
Ikasle Abertzaleak-ek bere aldetik biharko greba egunarekin bat eginez ikasle greba deitu du EAEko unibertsitateetan, bigarren hezkuntzako zentroetan eta lanbide heziketan. "Egoeraren gaineko analisian eta aldarrikapenetan guztiz bat ez egiteagatik" bestelako mobilizazioa egingo du goizeko 11:00etan Sarrikoko Unibertsitatetik abiatuta "ondorioak ez ditala langile klaseak ordaindu" lelopean.
Larunbatean Elizondon aurkeztutako Ikama ikasle antolakundeak ere bat egin du sindikatuek deitutako grebarekin. "Ikasleok hezkuntzaren erdigunera" lelopean hiriburuetako mobilizazioekin bat egiteko zutabeak deitu dituzte goizeko 10:30ean. Bilboko zutabea udaletxetik abiatuko da.
Irailaren 15ean #IkasleokGrebara joango gara. Hezkuntza komunitateko aldarrikapenak babestu baina ahots propioz hitz egingo dugu ere.
— Ikama Ikasle Antolakundea (@IkasleBorroka) September 10, 2020
Adi ere tokian tokiko deialdiei! pic.twitter.com/qETPQA28UM