Moriako errefuxiatuak Europar Batasuneko herrialdeetan birkokatzeko exijitu du OEEk

uriola.eus 2020ko ira. 14a, 13:08

Joan den astean Moriako errefuxiatuen kanpalekuan piztutako suak kolokan utzi du bertan bizi ziren 13.000 pertsonen bizitzak. Europar Batasuneko herrialdeetan berehala birkokatzea exijitu du Ongi Etorri Errefuxiatuakek asteburuan Arriaga plazan egindako kontzentrazioan.

Joan den asteazkenean piztutako suak kiskalita utzi du Lesboseko uhartean kokatuta dagoen errefuxiatuentzako kanpalekua. Europako herrialde ezberdinetan birkokatuak izateko zain zeuden 13.000 migratzaileak ondorioz, aterperik gabe geratu dira. 

OEEren arabera, Moriako gunea Europako migratzaileen eta errefuxiatuen kanpalekurik handiena da. Hasiera batean 3000 pertsona hartzeko diseinatuta zegoen arren, aditzera eman dutenez, suteak dena kiskali baino lehen, 13.000 pertsona ziren bertan bizi zirenak. 

Pertsona guzti horiek Europar Batasuneko herrialdeetan bereahala birkokatzeko exijitzeko kontzentrazioa egin zuen Ongi Etorri Errefuxiatuakek joan den larunbatean. Halaber, Eusko Jaurlaritzari zein Espainiako Gobernuari birkokatze horretan parte hartzeko ere exijitu diete. Aldi berean, pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea eta asilo eskubidea bermatzea aldarrikatu dute.