Guztira Bizkaiko eskualde ezberdinetako 60 bertsolarik eman dute izena aurtengo sailkapen fasean. Hala, Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, Bizkaiko eskualde guztiek izango dute ordezkaritza txapelketan.
Antolakuntzaren arabera, aurtengo kopurua kontuan hartuta, bertsolariak bi multzotan banatuko dira eta Bizkaiko eskualdeetako areto ezberdinetan, multzo bakoitzeko sei bertsolariko bost saio jokatuko dira. Hasierako fase honetan eskuratutako puntuaketaren arabera sailkatuko dira bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.
Joseba Barandiaran Bilboko bertsolariak gaur jokatuko du Bizkaiko txapelketarako txartela, Orozkoko Donibane Aretoan, arratsaldeko 18:30ean. Honen ustez, “pandemiak bertsolaritzaren martxa asko murriztu du orokorrean, ez soilik Bizkaiko txapelketarena”. Gainera, plazetako saioak laurdenera murrizteaz gain, bertso eskolek batzeko muga handiak dituztela azaldu du. “Beste behin ere, bertsolaritzak gizartea islatzen du: giro motela, kezka puntu bat eta zalantza dexente.”
Mugarri bezala, Potojorran Bertso Eskola bere onera itzultzea du Barandiaranek helburu bakar, baita osasun neurriak zainduz, aurtengo txapelketa ospatzea, Bertsozale Elkartearen onerako.
Aldaketak
Sailkapen fase honen data aldaketarekin batera, badira beste aldaketa batzuk ere, Enare Muniategiren ustez eragin handia izango dutenak. Adibidez, aurreko urteetan ez bezala, oraingo sailkapen faseko saioak astean zehar jokatuko dira, arratsaldeko 18:30ean. Horrek audientzian eragin handia izango duela azaldu du: “udaberriko igande euritsuetan, edozein hurlbidu daiteke sailkapen fasea ikustera, asteazken zein ostegun euritsu batean ordea, jendea lanetik irten eta etxera doa”.
Eta Bilboko plazekin zer?
Koronabirusak Bilboko bertsolaritzaren plazak hein handi batean murriztu ditu eta horretaz mintzatu gara Deustuko Ander Anakabe eta Maite Sarasola bertsolariekin, baita Enare Muniategirekin ere.
Sailkapen faseko audientzia txikia bada ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketara jende gehiago hurbiltzen dela aitortu du Anakabek. “Bilbon zein Deustun bada bertsolaritzarekiko zaletasuna”.
Haien artean aipatzekoak dira bertsolari gazteei zuzenduta dauden Bertsoerronda eta Aferak dinamikak, urtero Zazpi Katu gaztetxean Euskararen Egunean ospatzen den bertso saioa edota bestelako datetan antolatzen diren bertso saioak, San Tomas egunekoa zein auzoetako jaietakoak adibidez.
Hauen ustez pandemiak eragin handia izan du bertsolari gazteengan, azken hilabeteetan saio asko ezerezean gelditu baitira. Ondorioz, saio faltaren harira, bakoitzaren bertsoeran zentratzeko momentu aproposa dela gehitu dute.
Egun hauetan jokatuko diren sailkapen faseko saioen informazioa eskuratu dezakezue esteka honetan