Imanol Agirre: "Festibala berriro martxan jarri izanak aparteko kostu bat ekarri dio Loraldiari"

uriola.eus 2020ko ira. 17a, 14:03

Irudia: Bizkaie!

Irailaren 26tik urriaren 22ra ospatzekoa da martxoan bertan behera geratu zen Loraldia Festibala. Oraingo jaialdiaren berrikuntzen inguruan mintzo da Imanol Agirre zuzendari artistikoa. 

Zer suposatu zizuen Loraldia bertan behera uztea hastear zegoenean?

Martxoaren 12an Loraldia Festibalaren 6. edizioa bertan behera utzi behar izan genuen koronabirusak sortutako egoera dela-eta.

Egoera horrek ondorio latzak ekarri zizkigun bai guri, baita sortzaileei ere, kulturgintzan aritzen diren guztiak lanik gabe geratu baitziren. Urte eta erdiko lana ezerezean geratzeaz gain, gure kultur-osasunarentzako beharrezkoa den euskarak udaberriko plaza bat galdu zuen. Lehenengo bi emanaldiak egitea lortu genuen arren, beste 20 bat bertan behera geratu ziren.

Galera ekonomikorik ekarri dizue? Nola egin diezue aurre?

Bilboko Udalak gure dirulaguntza murriztu du, beraz, baliabide gutxiago izan ditugu jaialdia berriz ere altxatzeko. Dena den, kasu honetan galera ekonomikoak, batez ere, sortzaileek pairatu dituzte.

Nola eta zergatik erabaki duzue Loraldia berrartzea orain?

Jaialdia bertan behera geratu zenean guk lanean jarraitu genuen. Hausnarketa estrategiko bat jarri genuen martxan eta hortik abiatuta lan egiteko beste bide batzuk bilatzen hasi ginen. Esperientzia digital bat abian jarriko genuela erabaki genuen, festibal digital bat, alegia.

Denborak aurrera egin ahala, aforo txikiagoarekin bazen ere, uda ostean zuzeneko emanaldiak antolatu ahal izango genituela ikusi genuen. Dagoeneko ateak zabalik zituzten aretoak lortu bezain laster, jaialdi misto bat egitea erabaki genuen.

Loraldia berrartzea ez zen batere erreza izan, egoera nahiko nahasia zen. Asko kostatu zitzaigun aretoak topatzea, areto askok itxita jarraitzen baitute oraindik, Kafe Antzokia, besteak beste.

Aldaketarik egin behar izan duzue egitarauan?

Festibala berriro martxan jarri izanak aparteko kostu bat ekarri dio Loraldiari. Aldaketak baino gehiago, aukeraketa bat egin behar izan dugu, hau da, aurrekontu nahikorik zein areto nahikorik ez izateak martxoan egitekoak ziren 22 emanaldietatik 14 aukeratzera behartu gaitu.

Horrez gain, esperientzia digitala sortu dugu hiru emanaldi ezberdinekin. Hori da oraingo jaialdirako dakargun berrikuntza. Digitalean eskainiko ditugun emanaldiak mundu osoan ikusi ahalko dira, Loraldiaren webgunearen bitartez zein EITBren webgunearen bitartez.

...

Lehenengo esperientzia digitala Pettiren Manipulazio estrategien inguruan kokatzen da. ‘Kantu batek mundua alda dezake?’ galderatik abiatuta, Ana Galarragak solasaldi bat jarriko du abian, eta Harkaitz Cano eta Pettirekin batera, hau da, kantuen idazlea eta kantariarekin batera, kulturaz eta manipulazioaz mintzatuko da.

Bigarren solasaldia Mikel Urdangarin eta Ilaski Serranoren artekoa izango da. Aurkezleak Mikel Urdangarin elkarrizketatuko du eta musikariak pianoz moldatutako kantak tartekatuko ditu.

Bi solasaldi hauetan publikoak parte hartu ahal izango du, berau aktibatzea da asmoa hausnarketa hauen bitartez.

Azkenik, hirugarren esperientzia digitalean Alos Quartet taldeak XX.urtemugan egin duen ikuskizun berezia zuzen-zuzenean eskainiko dugu, hasieratik amaierara arte. Azken honetan publikoak ez du parte hartzerik izango.

Zertan datza Lorazaina izatea? Zergatik da garrantzitsua Loraldiarentzat?

Nolabait kuturaren inguruan indar txiki bat sortzea du helburu Lorazainen komunitateak.

Oso argi geneukan festibalaren inguruan Loraldiaren lagun-komunitatea osatu nahi genuela. Hori dela-eta, duela hiru urte Lorazainen programa abian jarri genuen.

Lorazaina izatea doakoa da eta nahikoa da webgunean datuak sartzea komunitatea osatzen laguntzeko. Egun 1000 lagun baino gehiagok osatzen dugu Lorazainen komunitatea eta hainbat onura ekartzen ditu. Besteak beste, festibalean zehar Lorazainen eguna antolatzen dugu, informazio zuzena jasotzeko aukera dago edota sarreren prezioa merkeagoa da. Kultura garaikidearen zaleok biltzen gara komunitate honetan.