Euskaltzaindiak Euskaraldian parte hartzeko dei zabala egin die Euskal herritarrei. Gaur goizean egindako agerraldian Andres Urrutia euskaltzainburuak honako hau adierazi du: “Euskarak arnasguneak behar ditu, prestigioa behar du, elkarlana, hiztunak eta sustatzaileak. Hori dena guztia dakar Euskaraldiak, eta, aurrekoan bezala, oraingoan ere egitasmo eraginkor honekin bat egiten du Euskaltzaindiak”.
Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak bere aldetik, ilusioa berreskuratu eta Euskaraldia indartsu bat lortze aldera, ahobizi eta belarriprest modura parte hartzeko dei zabala egin die euskal herritarrei. Miren Dobaranek, Hizkuntza Politikarako sailburuak, 2018an egindako Euskaraldia gogora ekarri eta duela bi urteko egitasmoak "hainbat gauza positibo" ekarri zituela adierazi du.
Herritarren hizkuntzetan eraginez euskararen erabilera hazteko helburuarekin sortu zen Euskaraldia egitasmoa duela bi urte. Azaroaren 20an emango diote hasiera bigarren edizioari, ahobizi eta belarriprest figurez gain, ariguneen parte hartzearekin. Azken hauek euskaraz lasai aritzeko guneak dira. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak eta espazioak alegia, hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea helburu dutenak.