Janari bilketa egingo du Zaporeak taldeak Bilboko Areatzan igandean

uriola.eus 2020ko ira. 25a, 13:24
Irudia: Zaporeak Twitter

Moriako errefuxiatuentzako janari bilketa antolatu du Zaporeakek datorren irailaren 27an, igandea, goizeko 11:00etatik eguerdiko 15:00etara Bilboko Areatzan.

Sute handi batek Lesbos uhartean kokatuta dagoen Moriako errefuxiatuen kanpalekua guztiz kiskalita utzi zuen iraila hasieran. Ondorioz 12.000 pertsona inguru bertatik ebakuatu behar izan zituzten.

Milaka pertsona horiek egun bizi duten bizi baldintzei erantzun bat emateko xedez Zaporeak taldeak janari bilketa handi bat abian jarri du asteburu honetan Euskal Herriko hainbat txokotan. 

Bilbon igandean egingo dute, goizeko 11:00etatik eguerdiko 15:00etara. Halaber, jakien lekualdatzea ordaintzeko, ekarpen ekonomikoak egiteko aukera ere zabalduko dute, janari bilketetan egongo diren itsulapiko batzuen bitartez. 

Zaporeak taldeak adierazi duenez, behar dituzten jakien artean, garbantzuak, arroza luzea, dilistak, babarrunak eta makarroiak daude.