Amagoia Osinalde: "Hezkuntza ez formalak ematen dituen aukera guzti horiek aprobetxatu nahian gabiltza"

Nerea Cubillo Urkizu 2020ko urr. 2a, 09:00
Bizkaiko Urtxintxa Eskolako kideak

Urriaren 9an amaituko da Bizkaiko Urtintxa Eskolak eskaintzen dituen ikastaroetan izena emateko epea. Aurtengo ikastaroen berri emateko eta pandemia garaian aisialdiak jasan duen aldaketetaz Urtxintxa Eskolako kide den Amagoia Osinalderekin egon gara hizketan.

Euskal Herrian formaziorako eta soziokulturalerako proiektuak sustatzea helburu, 1986. urtean jaio ziren Urtxintxa izeneko Astialdiko Eskolak. Bizkaiko Urtxintxa Eskola Bilboko Zabalbide kalean kokatuta dago eta asko dira eskaintzen dituzten zerbitzu eta formazioak, betiere, elkarte eta pertsonen beharretara egokituz. Hezkuntza formala da Urtxintxa Eskolaren eragin eremu nagusia.

Ikastaroei dagokionez, ze ikastaro mota eskainiko dituzue aurten?

Astialdian edo hezkuntza ez formalean dabiltzan heldu, gazte eta haurrei zuzendutako trebakuntza ikastaroak eskaintzen ditugu urtero. Astialdi eskolan, begirale eta zuzendari ikastaroez gain bestelako ikastaro laburrak ere baditugu: ASE taldearekin elkarlanean garatutako aisialdi inklusiboaren inguruko ikastaroa edota Hiruki Larroxa kolektiboarekin batera landutako maskulinitateen inguruko ikastaroa.

Zer da ikastaro horietan eskaintzen dena?

Jendartean eraldaketa bat egiteko eta nolabait agente aktiboak sortzeko baliabideak eskaintzen ditugu. Feminismoa, euskara, parte hartzea, kultur artekotasuna, aniztasun funtzionala eta inklusioa ardatz hartuta.

Parte hartzetik sortutako aisialdian oinarritzen da Urtxintxa.  Zertan datza parte hartze hori?

Parte hartuz eraikitzen diren ikastaroak dira. Beste garai batzuetako metodologian hilzari edo irakasle baten rola eta aldi berean jasotzailerena dago. Guk rol horieki apurtu eta norbanakoek jarrera aktibo zein kritikoa izan dezaten saiatzen gara, taldeari ekarpena egin behar dio norbanakoak. Norberaren esperientzietatik abiatzen gara parte hartze hori osatzeko, betiere norbanakoaren izaera errespetatuz.

Laster aisialdiko begirale eta zuzendari ikastaroei ekingo diezue. Covid 19aren testuingurura moldatu behar izan dituzue?

Pasa den ikasturtean hori izan zen landu genuena eta ikasturte honetan ere aurrera goaz matrikulazioarekin, distantziak mantendu behar izatearekin, musukoa eraman behar izatearekin… Baina guk hortik haratago joan nahi dugu. Estrategia berriak bilatzen gabiltza, metodologia aktibotik ikastaro parte hartzaile eta kuriosoak suertatu daitezen.

Eduki bereziak eskainiko dituzue normaltasun berria dela eta? Protokoloak, neurriak…

Zalantzarik gabe zerbait eman beharra daukagu, baina ez dakigu egoera honek zenbat iraungo duen eta noski, ezin dugu ikastaroaren erdia horretara dedikatu. Ikastaroak errealitatean daude oinarrituta eta horri begira joan behar dute. Edukiak eta jolasak transmititzerakoan hauek koronabirusaren garaietara nola egokitu landu beharko dugu, baina ez da "koronabirusa" izeneko atalik egongo.

Zer eskaini dezake Urtxintxak beste aisialdi eskola batek eskaintzen ez duena?

Urtxintxak eskaintzen duena da metodologia konkretu bat balio batzuetan oinarrituta. Urtxintxan euskaraz bizi gara, euskaraz eskaintzen dugu trebakuntza eta gizartea euskaratik eraiki nahi dugu. Baliteke hori gure marketako bat izatea.

Kutsatzeak ekiditeko neurri asko ezarri dira gazteen zein umeen aisialdian. Parkeak itxi, udalekurik ez... uste duzu egokia izan dela hor fokua jartzea?

Nik uste akatsa transmititzeko era izan dela. Haurrak eta gazteak erdigunean jarri dira hasieratik kutsatzaile nagusiak balira bezala eta hein batean ez dagokien pisu bat gainean jarri zaie, zer zetorren jakin gabe eta errealitatea ezagutu gabe.

Gerora ikusi da neurriak hartzea ezinbestekoa izan dela. Baina ezjakintasunaren momentu gorenean ezer jakin gabe haurrengan eta gazteengan horrelako pisua jartzea nire ustez ez da batere egokia izan. Baina ez neurria hartu edo ez, erabili den diskurtsoa baizik. Uste dut hori oso kaltegarria izan dela. Oso gogorra izan da umeek eta haurrek jasan behar izan dutena, eta beraiek ere barneratu dutena.

Dena den gu ez gabiltza ezkortasunetik lanean. Hezkuntza ez formalak ematen dituen aukeretatik eraikitzen ari gara hau, haurrak eta gazteak erdigunean, pertsonak erdigunean jarriz.

Nolako aurreikuspena egiten duzue aisialdi taldeentzako?

Taldeak nik uste errealitate ezberdinetan daudela, tokian tokiko errealitatera egokituta. Batzuk martxan daude dagoeneko eta beste batzuk martxan jartzekoak dira laster, nire ustez behar hori badagoelako. Dena den hor beldurraren kudeaketa dago, eta hori poliki poliki lantzen joan behar gara. Oraingo garaiak isolatuta egon behar garela dio, burbuiletan eta harreman askorik gabe. Hezkuntza ez formala guztiz kontrakoa da, adin tarteak nahastu, harremanak eraiki… Momentuz inork ez dio hau betirako denik beraz momentuan momentukoari erantzunez gabiltza, hezkuntza ez formalak ematen dituen aukera guzti horiek aprobetxatu nahian.