"Euskara munduan zehar ezagutzera emateko helburuarekin sortu genuen proiektu hau"

uriola.eus 2020ko urr. 9a, 11:08

Montmartreko kafetegi batean izandako elkarrizketatik sortu zuten Nora Vivancok eta Aran Gonzalezek (Bilbo 1994) Bihotz Paris euskal marka 2019ko uztailean.

Moda eta komunikazioaren inguruko ikasketak Parisen amaitu zituen Gonzalezek, eta Vivanco Europako beste hiriburu batzuetan marketing eta online salmentan ibili ondoren, Parisen finkatzea erabaki du. Haurtzarotik elkar ezagutzen dute eta egun euskarazko hitzak eta esaldiak dituzten arropak diseinatzen dituzte Frantziako hiriburuan, Bihotz Paris izenpean.

Parisen errotu den euskal marka bat sortu duzue. Zergatik Parisen?

Modaren hiriburua da Paris eta emakumezkoen enpresa sorkuntzarako laguntza asko daude.

Zein da proiektuaren helburu nagusia?

Euskara munduan zehar ezagutzera emateko helburuarekin sortu genuen proiektu hau eta horretarako euskal hitzak josi eta inprimatzen ditugu kamiseta zein jertseetan.

Euskal Herriarekiko dugun herrimina nolabait asetzeko bion ama hizkuntza sustatzea erabaki genuen. Moda artea da eta sentimenduak adierazteko tresna oso baliagarra dela uste dugu.

Sortu zenetik gaur egunera arte, proiektuaren helburuak aldatu dira?

Gure hasierako helburua euskara ez galtzea eta euskal kultura ezagutaraztea izan da. Tristea da guretzako Euskal Herritik hain hurbil egonda hemengo jendeak euskara ez ezagutzea. Gure hizkuntza Europako zaharrenetarikoa da eta horregatik erabaki genuen sustatzea.

Espero zenuten hainbesteko arrakasta?

Pozik gaude jaso dugun harrerarekin, jende askok babestu eta lagundu gaitu. Gure helburua lortzen ari gara eta oso pozik gaude. Gainera euskararekiko interes harrigarria sortzen ari gara atzerrian eta prentsan oihartzun handia izan dugu: Stylist, Marie Claire, SModa eta bestelako aldizkari batzuek Bihotz Parisi buruz hitz egiten dute egun. Euskal etimologiarekiko interes handia piztu dugula ohartu gara.

Instagramen 26.000 jarraitzaile baino gehiago dituzue. Marka sare sozialetatik ezagutzera ematean arrakasta gehiago izaten lagundu dizuela uste duzue?

Belaunaldi milenialaren parte gara, sare sozialetan presentzia izatea funtsezkoa iruditzen zaigu. Gainera, Instagramek publiko zabalago batera heltzea ahalbidetu digu.

Instagrameko kontua hasi genuen lehenengo egunetik, estetika asko zaindu dugu, unibertso erromantiko/Paristar bat sortuz euskararen inguruan. Euskal kultura eta kultura frantsesa fusionatu ditugu eta, gure harridurarako, pentsatutakoa baino harrera hobeagoa izan du!

Sare sozialetako zabalpenaz gain, denda fisikorik daukazue?

Gure kamisetak online saltzen ditugu www.bihotzparis.com webgunearen bitartez. Soilik online saltzeak ekologikoagoak izatera lagundu gaitu. Izan ere, guk izakinik gabe egiten dugu lan, hau da, produktuak online dendan aurkezten ditugu eta bezero batek erosten duenean, gure atelierrak ekoizpen prosezua hasten du. Momentuz kamisetak, izerditakoak, boltsak eta kuadernoak saltzen ditugu, baina etorkizunean beste modako osagarriak eta bestelako jantziak egiteko asmoa daukagu.

Euskarari dagokionez, zergatik erabaki zenuten euskarazko esaldiak Parisen sortuko zen arropa marka batean txertatzea? Nondik datoz esaldi horiek?

Hasier Etxeparek esanahi polita duten euskal hitzak biralizatu zituen Twiterren, eta gu hari horretan inspiratu ginen. Ideia polita eta originala zela iruditu zitzaigun, modaren bitartez euskararen alde poetikoa ezagutarazi nahi genuela erabaki genuen.

Unibertso erromantiko bat sortu nahi dugu euskal hizkuntzaren inguruan. Hautatzen ditugun hitzak poetikoak eta erromantikoak dira aldi berean. Erabiltzen ditugun hitzak kontu handiz hautatzen ditugu, eta azalpen edo teoria etimologikoak argitaratzean, euskal idazle eta filologoekin harremanetan jartzen gara, esandakoa ondo dagoela edo egokia dela ziurtatzeko.

Zein herrialdetan dituzue erosle gehien?

Bezero frantses asko ditugu, iparraldekoak eta noski, Parisekoak. Parisen hainbat ekitaldi egin ditugu, adibidez MADE.COM-eko showroom famatuan gure lehenengo bilduma aurkeztu genuen gabonetako merkatuan eta arrakasta itzela izan genuen. Horrez gain, gero eta atzerritar gehiagok erosten dute: Estatu Batuetakoak, besteak beste.                                                                                                   

Zuen marka euskara beste herrialde batzuetara zabaltzeko tresna bihurtu duzue beraz.

Hiriburu handietako jende eta marka asko gurekin harremanetan jarri dira kolaborazioak eta ekitaldiak batera egiteko. Adibidez, Madrileko “Taller Silvestre” marka ospetsuarekin elkar lanean egon gara. Horrez gain, Arizona Vintagekin batera produktu bat atera berri dugu. Nazioarteko filologoek ere kontaktatu gaituzte ideiak proposatzeko. Guretzat harreman hauek edukitzea oso aberasgarria izan da. Bestalde, atzerriko Euskal Etxe anitzekin ere kontaktuan gaude.

Sortzen dituzuen jantziak publiko espezifiko bati zuzenduta daude?

Gure bezeroak lehenengo eta behin kontzientzia ekologiko bat dutela esan dezakegu. 

Guk kontsumitzaileei aukera arduratsu bat eskaintzen diegu. Izan ere, egun modaren industriak izugarri kutsatzen du eta gure markaren oinarria bezeroei produktu jasangarriak eskaintzea da. Beraz, arropa sortzeko orduan, material ekologikoak eta ekoizpen metodo etikoak erabiltzen ditugu. Alegia, Bihotz Parisen DNA jasangarria da eta gure ekoizpena kotoi organikoz eginda dago. Berez, gure ekoizpen arduratsua bermatzeko hiru label dauzkagu: GOTS, Fair Trade eta Fair Wear Foundation.  

Nolakoa da proiektu bat beste herrialde batean martxan jartzea? 

Egia esanda, oztopo asko izan ditugu gure bidean, baina geure motibazioak eta gogoek asko lagundu gaituzte. Honen aurretik beste enpresa sortzaile batzuekin lanean ibili gara, beraz enpresa bat martxan jartzeko tresnak ezagutzen genituen. Hala ere, beste herrialde batean enpresa bat sortzeak lan asko eskatzen du. Zorionez, Pariseko euskal etxeak asko lagundu gaitu.

Amaitzeko, ba al duzue etorkizunerako asmorik?

Umeentzako bilduma bat egiteko asmoa eta gogo pila dauzkagu! 

Beste emakume enpresa sortzaileei laguntzea ere gustatuko litzaiguke. Guretzako oso garrantzitsua da ahizpatasun edo sororitate horretan lan egitea. Hori dela eta, gero eta emakume gehiago aipatzen ditugu gure sareetan eta beraiei buruzko artikuluak idazten ditugu gure blogean. Beste emakume batzuekin elkarlanak egiten ditugu baita ere, adibidez orain Feel’in Wood marka sortzaileekin ari gara lanean. Esperientzia ederra da!