Azaroaren 7tik 12ra bitartean ospatuko da Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXVI. edizioa

uriola.eus 2020ko urr. 13a, 12:18

Gaur goizean aurkeztu dute azaroaren 7tik 12ra ospatuko den FANT jaialdia. 

Jaialdiaren 26. edizioan guztira 10 film luze lehiatuko dira Zinemaldiko Atal Ofizialean eta FANT laburrean ordea, 22 lan proiektatuko dira orotara. Azaroaren 7an egingo den inaugurazio ekitaldi batek emango dio hasiera jaialdiari, eta bost egunez zuzendari ezberdinen lanak ikusgai egongo dira Azkuna Zentroko aretoetan. 

Egitarauari dagokionez 10 euskal film labur proiektatuko dira hilaren 7an eta hauek alde batetik epaimahaiaren Euskal Film Labur onenaren saria eta bestetik publikoaren film labur onenaren saria eskuratu ahal izango dute. Hauek dira ikusgai egongo diren film laburrak: 'Ahí afuera', David Ontoriarena; 'Un coche cualquiera'David P. Sañudorena; 'Leyenda dorada', Chema García Ibarra eta Ion de Sosarena; 'Love', Javier Chuecarena; 'Moda', Imanol Ortízena; 'Mugakoloreak', Oier Fuentesena; 'Multibertsoa', Naroa Elkoro, Asier Errazkin eta Egoitz Albisurena; 'La operación'David P. Sañudorena; 'Pánico en Artea', Iñaki Etxezarraga Erauzkinena; eta 'Polter', Álvaro Vicariorena.

Halaber, lehiaketako atal ofizialean 10 film aurkeztu dira Film Luze Hoberenaren, Gidoi Onenaren eta Zuzendaritza Berritzaileenaren Sarietara: A Good Woman Is Hard To Find’ (UK/BEL, 2019), Abner Pastoll zuzendariarena; ‘Amigo’ (ESP, 2019), Oscar Martín zuzendaritzapean; ‘Amulet’ (UK/ AEU, 2020), Romola Garairena‘Boy Meets Gun’, (NETH, 2020), Joost van Hezik zuzendaritzapean; ‘Darlin’’ (USA, 2019), Pollyana McIntoshek zuzenduta; ‘Host’ (UK, 2020), Rob Savagerena; ‘Jesus Shows You Way To The Highway’ (ESP, 2019), Miguel Llansórena; 'Nuclear’, (UK, 2019), Catherine Linstrum zuzendaritzapean; ‘The Pool’, (2019, THA), Ping Lumpraploeng errealizadorearena, eta ‘Z’ (CAN, 2019), Brandon Christensen zuzendaritzapean.

Sarrerak Golem - Alhondigako txarteldegietan zein zinemaldiaren webgunean eskuragai daude dagoeneko.