2021eko Korrika bertan behera gelditu da

uriola.eus 2020ko urr. 16a, 12:31

Euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena 2022. urtera atzeratzea erabaki du AEK-k

Martxoan Gasteizen egitekoa zen 2021eko Korrika urtebete atzeratuko da. Antolatzaileek horrela erabaki dute, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko. AEK-k adierazi duenez, kontziente dira Korrikaren atzerapenak sortuko duen hutsuneaz, baina hala ere, nahiago dute 2022. urteko udaberrira itxaron. Haien esanetan, "euskarak bezala, Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua".

Bestalde, AEK-k azpimarratu du Korrika atzeratzea ekonomikoki kolpe gogorra izango dela, izan ere, ekimen honek AEKren euskaltegietako lana indartzen laguntzen du. Horregatik, adierazi dute administrazioak euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez direla nahikoak eta inbertsioak areagotzearen garrantzia azpimarratu dute. 

Hala ere, nahiz eta Korrika atzeratu, AEK-k Euskalgintzako gainerako eragileekin elkarlanean jarraitzeko asmoa adierazi du eta gainera, hiritarrak animatu ditu aurtengo Euskaraldian parte hartzeko.