Atxuriko familia bat etxegabetze arriskuan dagoela adierazi du Maizterrak Bilbo taldeak

uriola.eus 2020ko urr. 29a, 13:23

Datorren azaroaren 5ean, osteguna, Maizterrak Bilbo sindikatuak Atxuriko auzo mugimenduarekin batera asanblada irekia deitu du arratsaldeko 19:00etan Atxuriko Plazan, etxegabetze arriskuan dagoen familia baten kaleratzea saihesteko. 

Maizterrak Bilbo taldeak kaleratzeko arriskuan dagoen Atxuriko familia baten erregularizazioa eskatu dio Santander Bankuari baita bizitoki-duin bat edukitzeko eskubidea ere. Sindikatuak sareetan salatu bezala, Atxuriko bizilagunak diren Pilar eta Ramon langabezia egoeran daude, menpekotasuna duen seme bat dute eta gainera, osasun arazo larriak pairatzen dituzte. 

Halaber, jakitera eman dutenez, familia honek puntualki ordaintzen zuen etxebizitza baldintza osasungaitzetan dago: "ez dago ur berorik, etxeak hezetasun larriak ditu eta sistema elektrikoa oso arriskutsua da".

Hori gutxi balitz, Maizterrak Bilbo Sindikatuak hau azaldu du: "Hiru urtez alokairua ordaintzen egon ostean alokatzailea desagertu egin da eta ondorioz pertsona hura ez zela etxebizitzaren jabea adierazten zaie Pilar eta Ramoni. Santander Bankuak etxebizitzaren jabetza aldarrikatzen hasi eta Ramon eta Pilarren etxegabetzea eskatu du familiari ezer komunikatu gabe eta aldi berean inongo etxebizitza alternatibarik eskaini gabe". 

 

#Ezgoazinora traolapean, kaleratzea ekiditeko auzo-mugimenduaz baliatuko dela adierazi du taldeak, hurrengo ostegunean Atxuriko plazan antolatutako asanblada irekiarekin hasita.