SOS Ostalaritzak deitutako manifestazioa egingo dute gaur 17:30ean Moyua plazatik abiatuta

uriola.eus 2020ko aza. 7a, 10:36

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurri berriak kaleratu ditu aste honetan Eusko Jaurlaritzak, haien artean, etxeratze agindua ordu bete aurreratu du eta Euskal Autonomia Erkidegoko taberna eta jatetxe guztiak ixtea erabaki. Itxieraren aurrean mobilizatuko da gaur SOS Ostalaritza. 

Batik bat etxeko itxialdia saihestea eta Gabonetara ahalik eta datu onenekin iristea da ostegun honetan iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, adierazitako helburua. Hortaz, etxeratze agindua gaueko 22:00etara aurreratu eta aldi berean ostalaritzako lokal denak itxi dituzte. 

Azaldutakoaren arabera, aste honetan ezarritako neurriak behintzat azaro amaierara arte indarrean egongo dira eta bi asterik behin aztertuko dituzte, eragina izaten ari den ikusteko. 

SOS Ostalaritzak urria amaieran Donostian egindako agerraldian esandakoari dagokionez, sektoreari ezarritako neurriak bidegabeak dira eta murriztapenek negozio askoren itxiera eragin dute. Haien esanetan, egoera zaila dela ulertzen duten arren, ostalaritzari aplikatzen zaion araudiak ez dauka koherentziarik beste sektore batzuei aplikatzen zaienarekin. 

Halaber azken hilabete hauetan ostalarien diru sarrerak %60-80 artean murriztu direla azaldu dute eta egoerari aurre egiteko besteak beste, udal tasak eta itxitako negozioen alokairua jaistea aldarrikatu dute, baita aldi baterako enplegu-erregulazioko pertsonei unean uneko ordainketa egitea eta ostalaritza bultzatzeko neurriak hartzea ere. Azken egunotan salaketa horiei taberna eta jatetxeen itxiera gehitu zaie. 

Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izango dira mobilizazioak arratsaldeko 17:30ean. Bilboko manifestazioa Moyua plazatik abiatuko da.