Emakumeok gure eskubideak defendatzen

Bilbotik Perura 2020ko aza. 2a, 13:17
Argazkiak: Bilbotik Perura

Emakumeon eskubide urraketa azaleratzeko kontaketa lehiaketa antolatu genuen urte hasieran. Orain, azaroan, liburu bat argitaratuko dugu irabazleekin, eta laster eskuragarri egongo da interesa duten guztientzako.

Bilbotik Perura taldeak eta Adeco elkarteak gizarte-eraldaketarako hezkuntza-programa bat burutu genuen joan den ikasturtean (Laguntasuna, Garapena eta Lankidetza), Bilboko Udalaren finantzazioarekin. Horren baitan, 2019ko urrian giza eskubideak defendatzen dituzten bi emakumeren bisita jaso genuen: Maria Ernestina Lozano Mejia eta Johanna Ramirez Garcia. Hainbat hitzaldi eta formazio eman zituzten ikastetxeetan, institutuetan, unibertsitateetan, graduondoko ikastaroetan eta hezkuntza ez-formaleko elkarteetan. Esperientzia trukaketa horren ondorioz, emakumeen eskubideei buruzko kontaketa lehiaketa bat antolatzeko ideia otu zitzaigun. Euskal Herrian, Alto Trujillon (Peru) eta Mejicanosen (El Salvador) egitea pentsatu genuen.

Lehiaketa horretan emakumeen errealitatea eta indarkeria matxistaren ondorioz egunero jasaten ditugun eskubideen urraketa nabarmendu nahi izan dugu kontaketa desberdinen bidez. Era berean, emakumeen aurkako indarkeriaren errealitatea gogorra eta egunerokoa dela adierazi nahi dugu, munduko edozein lekutan.

Lehiaketa horren fruitu, azaroan liburu bat argitaratuko dugu irabazi duten kontakizunekin. Kaleko ekintza bat ere egingo dugu, liburuak Bilboko hainbat kaleetan uzteko. Liburuek kakorratzez egindako zorroa izango dute, zurrumurruen aurkako kakorratz talde batek eginak. Talde horrek hilero egiten du lan prestakuntzan, migratzaileei buruz zabaltzen diren zurrumurruak saihesteko.

Liburuak Bilbon zehar banatuko dira opari, eta edonork jaso ahal izango ditu. Data Bilbotik Perura eta Adecoren hedabide zein sare sozialetan iragarriko da.