uriola.eus

Lutxo Egia:“Euskarazko kultura babestu behar da, baina, gaur egun, ez da estrategikoa inorentzat”

  Kultura-aisialdia  Bilbo
Lutxo Egia:“Euskarazko kultura babestu behar da, baina, gaur egun, ez da estrategikoa inorentzat”
Lutxo Egia, Bira Kultur Guneko kidea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Pasa den hilabetean Durangoko Kafe Antzokiko kideek iragarri zuten berria: Plateruenak bere ateak betirako itxiko ditu. Urte zailak igaro ondoren, azkenean pandemiak erabaki hau hartzera bultzatu ditu. Alabaina, Plateruena ez da izan kaltedun bakarra. Pandemiak gogor kolpatu ditu euskal komunitateko beste espazio batzuk ere, horien artean, Alde Zaharreko Bira Kultur Gunea eta Bilboko Kafe Antzokia. Plateruenaren itxieraren inguruan mintzatzeko eta euren gaur egungo egoera zein den azaltzeko, Bira Kultur Guneko Lutxo Egia kidearekin eta Bilboko Kafe Antzokiko Mikel Urbeltzekin mintzatu gara.

Zer suposatzen du Plateruenaren itxierak euskal komunitatearentzako?

Lutxo Egia: Hutsunea neurtzeko modurik onena geure buruari galdetzea da: eta datorren urtean ez balego? Eta datorren urtean, Bilboko Kafe Antzokiak bere ateak betiko itxiko balitu? Gurea bezalako kultur-sisteman, iraupenak berebiziko garrantzia du, batez ere, ekarpen kulturala handia denean.

Mikel Urbeltz: Kontuan izanik euskal kultur sarearen tamaina eta euskal hizkuntz ekosistemaren ahulezia, horrelako areto baten galera kalte itzela da, gutxi izatetik abiatuz gutxitzen goazelako. Are penagarriagoa da kontuan hartzen badugu Durangok Bizkaian duen zentralitate geografikoa.

Behar adina laguntza jaso ditu Plateruenak?

Lutxo Egia: Plateruenaren kasu zehatza ez dakit. Beste kontu bat da planteatzea ea euskarazko kultura bultzatzen duten proiektuak behar bezala babesturik dauden. Eta erantzuna garbia da: ez.

Mikel Urbeltz: Hasieran laguntzaren bat jaso zuen, baina irekitzeko zorretan sartu behar izan ziren eta egitasmoa zama ekonomiko handi baten menpe egon da. Edonola ere, agerian uzten  du euskal kultura helburu publikoekin bultzatzen dugun egitasmo pribatuok instituzioen laguntza gehiago behar dugula.

Plateruena euskal kulturako erreferente gisa hartu daiteke. Nola bete euskal aisialdian sortuko den hutsune hori?

Lutxo Egia. Egia da egoera ez dela egokiena proiektu berriak martxan jartzeko, baina seguru nago berandu baino lehenago antzeko proiektu bat abiaraziko dutela.

Mikel Urbeltz: Ez da erraza izango, baina espero dezagun Durangon bertan euskaldungoak duen hutsune hori betetzeko gogoa eta kemena egotea. Modu horretan, egitasmo berri bat martxan jartzeko eta ahal bada Plateruena berrabiarazteko.

Ixteko dituen arrazoien artean, Plateruenak urteetan zehar gertatutako  “kontsumo ohituren aldaketa” aipatzen du. Zuek ere aldaketa hori igarri duzue?

Lutxo Egia: Gu geu, Biran, aldaketa horrekin plazaratu ginen orain dela 4 urte. Erraz aurreikusten dugu zerk funtzionatuko duen eta zerk ez. Hala ere, hasieratik bertatik gure asmoa ez da izan Bira beti beterik izatea, baizik eta euskaraz sortzen duen orori espazio bat eskeintzea.

Mikel Urbeltz: Kontsumoa bera baino, guk aldaketa demografikoa ikusten dugu pisuzko arrazoi bat. Gaur egungo gazteen kopurua % 50ean dago, gutxi gorabehera. Orain dela 20-30 urte zeuden gazteekin konparatuz gero, kopurua nahiko murriztu da. Eta horrek, noski, kontsumoan eragina du. Bestetik, egia da gazteen aisialdi ohiturak aldatu direla.

Koronabirusaren egoerarekin aisialdiko sektore guztiek kolpe gogorra jaso dute. Nolakoa da zuon gaur egungo egoera?

Lutxo Egia: Biraren egoera oso gogorra da. Martxotik hona gaua desagertu zaigu. Hala ere, zentzu horretan ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzea erabaki dugu. Jendeak euskarazko kultur-emanaldiak nahi eta eskertzen ditu, baina horiek finantziatu ere egin behar dira.

Mikel Urbeltz: Bilboko Kafe Antzokia martxoaren 12an itxi genuen eta ordutik zarratuta dago. Dauden mugek ez dute bideragarri egiten gure jarduna, 300 ekitaldi ingurukoa urtero. Gaueko aisia ezin dugu zabaldu kontzertu eta ekitaldien aforoa % 10era mugatuta dagoelako.

Biran kontzertuak eta ekitaldiak prestatzen jarraitzen dituzue.

Lutxo Egia: Bai, ia inoiz baino gehiago. Ez dakit noiz arte iraun ahal izango dugun, baina udaberriko itxialdian hitz egin genuen eta pauso bat aurrera ematea beharrezkoa iruditu zitzaigun. Uzten badigute eta kultura-programazioa ekonomikoki bideragarria bada, bide beretik  jarraituko dugu.

Jende asko hurbiltzen da?

Lutxo Egia: Sumatu dugu jendea askoz gogotsuago dabilela eta logikoa da, kultura-eskaintza dezente urritu delako. Edukiera erdira dugu orain eta Bira ez da bereziki handia. Beraz, normala da beti beterik dagoela iruditzea.

Zein zailtasun dituzue Biran?

Lutxo Egia: Orain lana biderkatu zaigu. Etengabean ari gara egokitzen, geure buruari galdetzen ea aste batzuetako prestatze-lan handia bertan behera geldituko zaigun. Bestalde, zailtasun ekonomikoak ditugu. Gainera, erabaki dugu sortzaileei babes ekonomiko handiagoa eman behar diegula. Egoera zaila da.

Beste aisialdi eremu batzuetan ekitaldiak pandemia garaiko neurrietara moldatu dituzte. Posible ikusten duzue Kafe Antzokian ekintzak moldatzea?

Mikel Urbeltz: Azken hilabetetan egin diren emanaldiak, gehien bat, titularitate publikoko aretoetan egin dira. Gure kasuan, %10eko aforora moldatutako emanaldiek nekez bermatzen dute gure etorkizuna. Pribatua izanik, gure lanaren izaera publikoa aldarrikatzen dugunok ezin dugu galeretan jarraitu, gure defizita gure heriotza litzatekelako.

Nola ikusten duzue etorkizuna? 

Lutxo Egia: Ez dago garbi. Euskarazko kultura babestu behar da, baina, gaur egun, ez da estrategikoa inorentzat. Orain gure helburu nagusia sortzen eta eskeintzen jarraitzea da, epe laburrean besterik ez bada ere.

Mikel Urbeltz: 48 langilez osatutako lan-taldea gara eta edonork imajinatu dezakeen moduan etorkizunaren aurrean dugun ziurgabetasuna da nagusi. Izan ere, guztiak ERTE batean gaude. Momentuz egoerak ez du Kafe Antzokia zabaltzea ahalbidetzen. Amets egiten dugu etorkizun hurbil batean gure ateak zabaltzearekin eta denontzako irekia den gure plaza berriz ere betetzearekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa