“Oraingo neurriak ez dira lehenengo itxialdikoak bezain zorrotzak”

Nahia Martinez Gondra 2020ko aza. 6a, 12:56

Irene Gonzalezek (Bilbo, 1995) zazpi urte daramatza Londresen bizitzen. 18 urterekin argazkilaritza ikastera joan zen eta ordutik bertan dago arte-enkanteen etxe batean lan egiten. Atzo bertan, Londres bete-betean sartu zen itxialdiaren bigarren olatuan eta etxetik hain urrun egonda, Gonzalezek egoera nola bizi duen azaldu digu.

Zein da egoera gaur egun Londresen?

Atzo, azaroaren 5ean, hasi zen gure bigarren itxialdia, edo 'Lockdown'-a. Horrek esan nahi du funtsezkoak ez diren establezimendu guztiak itxi egin direla: tabernak, jatetxeak edota arropa-dendak. Hala ere, lehenengo itxialdian ez bezala, ikastetxeak, unibertsitateak eta ikastetxeak oraindik zabalik daude.

Lehenengo itxialdiko neurri berdintsuak dira oraingoak? Kalera ateratzeko aukera daukazue?

Oraingo neurriak ez dira lehenengo itxialdikoak bezain zorrotzak. Mezua hauxe da: gelditu zaitez etxean ahal duzun denbora guztia. Baina ezin baduzu etxetik lan egin, zure bulegora joan zaitezke. Ekonomia bertan behera ez gelditzeko enpresek funtzionatzen jarraituko dute.

Kalera irteteari dagokionez, lehenengo itxialdian bezala, ordubeteko ariketa fisikoa egitera atera zaitezke, inolako ordutegi finkorik gabe.

Nola hartu dute herritarrek orokorrean bigarren itxialdiaren albistea?

Orokorrean jendeak bazekien hau lehenago edo beranduago gertatuko zela. Gabonak hain gertu izanda, uste dut hiritar guztiek ulertu dutela hau beharrezkoa dela. Neurriak ez dira lehenengo itxialdikoak bezain murriztaileak, beraz, ez da hain gogorra. Nolanahi ere hauek lehenengo egunak dira, ikusiko dugu jendeak zer esaten duen bi aste barru.

Neurriak errespetatzen ari dira?

Nahiz eta goizegi den esateko, uste dut, oro har, neurriak errespetatzen ari direla. Azken finean, neguan gaude, hotz egiten du eta jendeak ez du hainbeste kalera irten nahi. Hala ere, imajinatzen dut lehenengo itxialdian baino hiritar gehiagok hautsiko dituztela neurriak. Izan ere, jendea nekatuta dago. Ez dut uste hori aitzakia denik, baina azkenean, seguruenik, hori da gertatuko dena.

‌Nola ari zara itxialdia bizitzen zure kasuan?

Nire kasuan, errutina bat hasieratik ezartzea da hobeto etorri zaidana. Anaiarekin bizi naiz eta berak ere goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara lan egiten du. Beraz, berarekin ordutegi berean kointziditzeak asko laguntzen nau. Garrantzitsua da esatea berrogeialdiak amaiera-data duenez (abenduaren 3a),  dena eramangarriago egiten ari zaigula. Ikusiko dugu ea lau aste besterik ez diren.

Pertsonalki, nola ari zaizu eragiten?

Maila pertsonalean, gizarte-harremanetan ikusten dut aldaketarik handiena. Ez da bakarrik ondoko etxadian bizi diren lagunak ezin ikustea, baizik eta familia edo Londresen bizi ez diren lagunak ezin ikustea. Uste dut segurutzat jotzen nuela beti Bilbora nahi nuenean bueltatu ahal izango nintzela, baina orain oztopo asko daude.

Zailtasunik izango duzu lanarekin jarraitzeko?

Nire lanak eskatzen dit artelanak fisikoki aztertzea eta katalogatzea, beraz, askotan bulegora joan behar dut.  Oraintxe bertan etxetik lan egiten saiatzen ari naiz, astearen erdia gutxienez, baina momentu batzuetan hori ezinezkoa da.  Izan ere, eskaintzen ditugun online enkanteen bolumena esponentzialki igo da azken hilabeteetan.

Zein da gaur egungo egoera Brexit-arekin? Zer ondorio izan ditu?

Egia esateko, ez nago oso ziur. Alde batetik, uste dut Covid-19ak eta Ameriketako haustesundeek balio izan dutela une honetan gertatzen ari diren negoziazio guztietatik eta hauen inplikazioetatik jendea distraitzeko.

Bestalde, uste dut urtarriletik aurrera gure egunerokotasunean Brexit-aren ondorioak ikusten hasiko garela. Batez ere, Londresera etorri nahi duen jendeak bisa berezi bat behar izango duelako, AEB-etakoaren antzekoa. Edo nire industriaren kasuan, BEZaren balioak aldatu egingo direlako. Baina, gaur egun, Londresen ez dut aldaketa nabaririk sumatu.