Patxo Telleria: "Euskal Herriko edozein antzoki gure etxea da”

uriola.eus 2020ko aza. 8a, 12:11
Irudia: Guillermo Casas

Azaroaren 10ean eta 11n Bilboko Arriaga Antzokian ikusgai egongo da Ez dok ero ikuskizuna. Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak antzeztutako obra hau Tartean Teatroak berak sortu eta ekoiztutako antzezlana da. Era berean, zuzendaritza lanetan Jokin Oregi aritu da. 

Patxo Telleriak idatzitako antzezlanak, "euskal kultura, euskal antzerkia eta euskal gizartearen irudi deformatua, barregarria eta aluzinatua eskaintzen du" eta horren inguruan egon gara berarekin hizketan. 

Zu zara Ez dok Eroren testuaren egilea. Zer dakar ikuskizunak?

Ikuskizun honetan azken finean gure buruaz hitz egiten dugu, gu gara protagonistak, Mikel eta biok. Gure karrera bukatu egiten da baina bat batean Mikel zoratu eta antzerkiaren esparruan oraindik tokitxo bat daukagula pentsatzen du. Momentu horretan bidai zoro batean murgiltzen nau eta bagoaz herriz herri euskal kulturaz eta euskal antzerkiaz eta geure buruaz barre egitera.

Road Movie kutsua ere badu.

Hori da, ikuskizunean zehar Euskal Herriko toki eta kultur agerraldi esanguratsu batzuk bisitatzen ditugu eta bidai horretan murgilduta toki bakoitzean abentura ezberdin bat bizi dugu.

Nori dago zuzendua Ez dok ero?

30 urte baino gehiago daramagu antzerkian eta publiko euskaldun eta adin guztietakoarengana heldu ohi gara. Oso irekiak gara eta perfil ezberdineko jendea etortzen da gure antzerkia ikustera, adineko jendea, gaztea… publiko euskalduna orokorrean, ez gara hainbeste bereizketak egiten hasteko! (barreak)

Estreinaldiaren ostean aurretik bira luzea daukazue batez ere datorren urtetik aurrera. Baduzu leku bereziren bat buruan?

Toki askotara joango gara eta toki guztietan egon gara behin baino gehiagotan. Bilbon estreinaldia egitea guretzako esanguratsua da azken finean Bilbokoak garelako baina hortaz aparte Euskal Herriko edozein antzoki gure etxea da. Toki guztietan eroso eta gustora egoten gara.

Bigarren konfinamendu baten atarian gaudela entzuten ari gara azkenaldian, antzerkian eta kulturan orokorrean eragina izatekotan, baduzue B planik?

Mehatxu hori hor dago. Ez dakigu zer gertatuko den baina printzipioz ez dugu uste ezer aldatuko denik. Estadistikoki eta datuek egia esaten badute, badirudi kultura toki seguruenetakoa dela. Neurriak hartu behar dira baina nik uste dut gobernuak zentzuz jokatuko duela eta ez duela murriztuko murriztu behar ez dena. Dena den guk ezin dugu hor eskurik sartu eta edozertarako prestatu behar dugu geure burua. Aurrera joango garelakoan gaude eta horren esperantzarekin ari gara lanean.

Zergatik uste duzu joan behar dela jendea ikuskizun berri hau ikustera?

Bizi dugun une triste honetan uste dut jendeak horrelako agerraldi kulturalen, eta batez ere, hau bezalako ikuskizun goxo eta atseginen beharra duela. Seguru gaude jende asko etorriko dela, hain zuzen ere, jendea irri eta barre egiteko gosez dagoelako.