Bilboko Udalak indarkeria matxista "prebenitzeko" EraStop/Agrestop izeneko aplikazio mugikorra abian jarri du. Aplikazioa deskargatzearekin batera, erabiltzailearen datu pertsonalak sartzea beharrezkoa da, telefonoa geolokalizatuta egon dadin.
Bilboko Gazte Sare Feministak bere aldetik, aplikazioaren izaera patriarkala jarri du mahaigainean, "kontrolean, paternalismoan eta emakumeon biktimizazioan" oinarritutako aplikazioa baita eta horrek, hauen arabera, "emakumeonganako indarkeria horren oinarri diren botere harremanak indartu baino ez ditu egiten".
Horrekin batera, gaurko agerraldian, gauean kale-kantoi ilun batean gertatzen diren erasoetatik haratago, neska gazteek egunero pairatzen dituzten beste eraso batzuk daudela azpimarratu dute, "etxean, kalean, sare sozialetan, multinazionaletako iragarki matxistetan, gure hitza zalantzan jartzen denean...".
Halaber, Bilboko Udalari zein instituzioei "arazo estrukturala den honi konponbide estrukturalak" ematen hasteko eskatu diete, mugimendu feminista bera entzun eta honen aldarriak lehen lerroan jarrita, erroko eraldaketa feminsta egiten hasteko. Askoren artean, lan baldintza duinak bermatzeko, gune inseguruen desagerpenean inbertitzeko, kanon itogarrietan oinarritutako publizitatea ezabatzeko eta aurpegi garbiketa morea egiteari uzteko eskatu diete.
Indarkeria matxistak milaka aurpegi dituela gogora ekarriz, azaroaren 25ari begira lanketa ezberdinak martxan jarriko ditu Bilboko Gazte Sare Feministak. Lehena, azaroaren 22tik 23ra bitartean Instagram sare sozialari egingo dioten plantoa izango da. Azaroaren 25ean auzoetako zein Bilboko Mugimendu Feministaren deialdietan parte hartzera deitu dute, baita egunean bertan arratsaldeko 20:30ean neska gazteek udaletxetik abiatuko duten mobilizazioan.