Azaroak 25

Helene Sarasola: "Neska gazteok ez gaituzte soilik gauean erasotzen"

Nerea Cubillo Urkizu 2020ko aza. 25a, 09:17

Bilboko Gazte Sare Feministako kidea da Helene Sarasola (Deustu 1998). Azaroak 25aren harira Bilboko Mugimendu Feministaren nondik norakoen inguruan egon gara berarekin hizketan. 

Gainean dugu dagoeneko azaroaren 25a, nolakoa izan da aurten egun hau antolatzea?

Denontzako dira ziurgabetasun garaiak eta noski, neurrietara moldatu behar izan gara. Azkenean lortu dugu antolatzea eta azaroaren 25ean kaleak hartuko ditugu auzoetan zein Bilboko Mugimendu Feministaren arratsaldeko ekimenean.

Bilboko Bilgune Feministak mobilizazioa deitu du A25ean. Gazteok ere zuena egingo duzue ostean. Zer da salatu nahi duzuena?

Bilboko gazte mugimendu feministak eguna bukatzeko neska gazteon ekimena antolatu du arratsaldeko 20:30ean. Udaletxetik Zazpi Kaleetarantz abiatuko gara. Gure aurtengo salaketa Bilboko udaletxeak atera duen mugikorreko aplikazio berriaren izaera patriarkala salatzea izan da. Emakumeok gure geolokalizazioa eman eta poliziarekin harremanetan jartzen gaituen aplikazioa da, eraso bat jasotzen dugunean botoia sakatu eta nolabait polizia gu “salbatzera” etortzeko. Guk hori da salatu nahi duguna, hori ez delako prebentzioa.

Zergatik?

Ez dugu uste eraso matxistak horrela prebenitzen direnik. Paternalismoan oinarritzen den aplikazioa dela iruditzen zaigu, emakumeok biktimizatzen gaituen aplikazioa nolabait. Neska gazteok beldurtzea eta berbiktimizatzea helburu duena, patriarkatuak betetzen dituen rolak berproduzituz, kontrola adibidez.

Indarkeria matxistak milaka aurpegi dituela salatu zenuten larunbatean Bilboko Udaletxe aurrean.

Bai, geruza asko ditu. Guk salatu nahi genuen aplikazio hori gaueko erasoetarako bakarrik eginda dagoela, eta neska gazteok ez gaituzte soilik gauean erasotzen. Iragarkietan, sare sozialetan… lan feminizatuak askoz prekarizatuak daude. Indarkeria matxista ez dela soilik gaueko kontu bat mahaigaineratu nahi izan dugu, egunean zehar ere erasotzen gaituztelako.

Horrekin batera, sare sozialak ere jomugan izan dituzue. 24 orduko plantoarekin zer da azaleratu nahi duzuena?

Bai. Azaroaren 22tik 23ra 24 orduko plantoa egin genion Instagram sare sozialari. Instagramak existitzen ez den emakume eredu bat planteatzen du, oro har, itxuraz ez dena existitzen. Horren aurrean, hezkuntza eredu feministaren beharra azpimarratu dugu, eraso matxista horiek ere ekiditeko, hori ere indarkeria delako.

Ikasturte hasieran finkatutako helburuak betetzea lortu duzue?

Mugimendu feminista ororen helburua ikusi ezin diren kolektibo horiek ikustaraztea da eta azaroaren 25ak horretarako ere balio dezake. Kaleak hartuko ditugu, eta kolektibo inbisibilizatu horiek ikustera emango ditugu.

Pandemiak eta “normaltasun berriak” bestelako gatazka batzuk ere azaleratu ditu.

Zaintza lanak, prekarietatea eta kontrol soziala areagotu dira azken hilabete hauetan. Horrekin batera, "normaltasun berria" aurpegi garbiketa antzeko bat iruditzen zitzaigun nolabait. Zeri deitzen diote normaltasuna? erasoak betidanik egon dira eta pandemiarekin beharbada areagotu egin dira.  Konfinamendua oso gogorra izan da jende askorentzako eta emakume asko haien erasotzaileekin egon dira etxean sartuta. Baliabide falta izugarriak egon dira eta horregatik neska gazteok ez gaude prest normaltasunera bueltatzeko.

Bilboko Gazte Sare Feminista Bilboko auzoetako taldeetan antolatuta zaudetenok osatzen duzue. Deszentralizaziotik zentralizaziora jo duzue? ala alderantzizko prozesua izan da?

Bilboko Gazte Sare Feminista auzoen elkartasunetik sortu da, saretzetik. Bilbon beharrezkoa ikusten genuen ez bakarrik norberak norberaren auzoan eragitea baizik eta talde guzti horien bateratasun bat sortzea. Bateratasun horretatik abiatuta sortu da Gazte Sare Feminista, Bilbo osoan ekimenak egiteko.

Zentralizazio horrek onurarik ekarri du?

Gorakada handia suposatu du gazte mugimendu feministan. Argi eta garbi zenbat eta saretuago eta elkartuago, orduan eta errezagoa izango da aurrera egitea. Adibidez eztabaida eta hutsune gehiago identifikatzen dira, baina aldi berean, konponbide gehiago ere bai. Elkartasun gehiago dago orokorrean, saretzeak beti suposatzen du gorakada bat.

Bilboko auzo guztiek badute feminismoan nolabait militatzeko tokia? 

Hori da  erronka handietako bat. Bilboko Mugimendu Feministatik ahalik eta auzo gehien sare horretan sartzen saiatzen ari gara, baina egia da auzo batzuetara ez dela mugimendu feminista iristen edo ez dela talderik sortzen. Hala ere, jendeak jakin dezala Bilboko Mugimendu Feminista prest dagoela edozein erasoren aurrean edo kezkaren aurrean erantzun bat emateko. Jendea animatu nahi dugu auzoetan baliabideak jarri eta talde feministak sortzera, nolabait jendeari babesa erakusteko. 

Zu kasu honetan, Pare Deustuko Gazte Talde Feministako kide ere bazara aldi berean, lanketak berdintsuak dira auzo zein hiri mailan?

Bilbo zein Deustu mailako helburuak berdinak izaten dira, baina egia da ez dela berdina Bilbon eragitea edo auzo batean eragitea. Auzoetan saiatzen gara adin tarte ezberdinetako emakumeen ahotsak jasotzen eta gero Bilbo mailara ekartzen ere bai. Auzoetan saiatzen gara auzoko arazoetan zentratzen eta bertan dauden hutsuneei erantzuten.

Borroka feminista oraindik beharrezkoa da beraz?

Borroka feminista oso beharrezkoa da. Oso garrantzitsua da dauden gabeziei erantzuteko eta horregatik nik ere jendea borroka feministan parte hartzera eta militatzera animatu nahiko nuke.