Rosalia Gonzalez: "Laguntza psikologikoa eskatzea osasun mental onaren adierazle da"

Nahia Martinez Gondra 2020ko aza. 27a, 11:07

Gaur egun, ohikoak bihurtu dira ziurgabetasuna, beldurra eta kezka bezalako sentimenduak. Izan ere, Covid-19ak denon bizitzak goitik-behera astindu eta psikologikoki ondorio larriak eragin ditu. Hori dela eta, psikoterapia psikoanalitikoan espezializatutako psikologo Rosalia Gonzalezekin (Deustu, 1981) mintzatu gara pandemiak sortutako egoera aztertzeko eta osasun-mentalaren garrantziaz hitz egiteko.

Oro har, pandemiak zer nolako eragina izan du pertsonen osasun mentalean?

Gaur egun ziurgabetasuna da nagusi. Alde batetik, norberaren eta maite ditugun pertsonen osasun fisikoagatik kezkatuta gaude. Bestalde, lana galtzearen ondorioei aurre egin behar diegu. Beraz, normala da antsietateagatiko kontsultak areagotzea, jendea estresatuago eta izutuago bizitzea eta ondorioz, tristeago egotea.

Zer ondorio izan ditu lehenengo itxialdian bizitako isolamendu sozialak?

Itxialdi bakoitza ezberdina da eta beraz, kasuz-kasu aztertu beharko litzateke. Batzuek lanera joateko aukera izan dute eta haien lankideekin harremanetan jarraitu dute. Beste pertsona batzuek itxialdia etxe handietan igaro dute eta bakarrik egoteko espazioak izan dituzte. Beste kasu batzuetan 7 pertsona 50 metroko estudio batean bizitzen egon dira. Gainera, pertsona askok jasaten ez duten bikotekidearekin igaro behar izan dute itxialdia, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Baina, oro har, "shock soziala" bizi dugula esan genezake. Inork ez du lehenago horrelakorik bizi izan. Ziurgabetasun maila oso handiak eta galera neurriezinak daude. Honelako kasuetan beharrezkoak dira egoerari aurre egiteko baliabide psikologiko eta sozialak.

Gure arteko kontaktu fisikoa ere murriztu egin da, izan ere, gaur egun arrisku-faktore bat da. Nola eragiten du pandemiak gure arteko harremanetan?

Gizakiarentzako pertsonen arteko komunikazioa arnasten dugun airea bezain garrantzitsua da eta komunikazio horren barruan kontaktu fisikoa dago: laztanak, besarkadak, musuak, esku-ahurrak… Beraz, esan dezakegu orain erdizka eta beldurrez komunikatzen ari garela.

Hala ere, hain beharrezkoa dugun kontaktua errazten duten komunikatzeko  modu  berriak ere sortzen ari dira: orain ukondoarekin edo oinarekin agurtzen gara eta musukoa eraman behar dugunetik begiradak egundoko garrantzia bereganatu du. Gainera, komunikatzeko era berri hauek ez dute birusa zabaltzen.

Lehen ziurgabetasuna aipatu duzu. Nola egin diezaiokegu aurre?

Oraindik gauza askoren inguruko ziurgabetasuna dago eta hau ez da kudeatzeko erreza izaten. Gizakiak bere bizitza antolatu behar du zer espero dezakeen jakiteko eta horri buruzko espektatiba batzuk sortu ahal izateko. Modu horretan, badaki nola jokatu behar duen porrot egiten badu eta alternatiba ezberdinak planteatzen ditu. Horregatik, ezjakintasun eta ziurgabetasunak pentsamenduaren eta ekintzaren arteko paralisia eragiten du eta horrek antsietate, estres eta depresio maila oso altuak dakartza.

Zure bizitza bat-batean aldatzen bada, gerta liteke gertatzen ari dena aztertzeko eskemarik ez izatea eta berriro eskema horiek sortu behar izatea. Baina horrek denbora behar du eta itxarotea ez da erraza. Ez da erraza galduta sentitzea.

Kasu hauetan, irtenbiderik onena gertatzen ari zaiguna onartzea da, horrek dakarren sufrimendu guztiarekin. Momentu hauetan, pertsona bakoitzak eskura dituen baliabideekin bere sentimenduak ahalik eta hoberen kuadetzen saiatu behar da. Viktor Frankl psikiatraren hitzetan, gertatzen zaigunaren aurrean hartzen dugun jarrerak eragin handia izango du arazoari aurre egiteko orduan.

Osasun mentaleko adituek eta OMEk ohartarazi dute pandemiaren ondorio sozialek suizidioak areagotu ditzaketela. Hala ere, oso gutxi hitz egiten da gai horren inguruan.

Errealitate horrek ez du inor axolagabe uzten. Jendearentzako deserosoa da eta horregatik oso gutxi hitz egiten da suizidioaren inguruan. Zaila da ulertzea zer gertatu ote zaion pertsona bati bere bizitzarekin bukatzeko erabakia hartzeko. Sufrimendu handia dago hautu horren atzean.

Horrez gain, antsietate eta depresio tasek ere gora egin dute.

Presio handia jasaten ari gara eta asko dira galera posibleak: osasuna, lana, ihesbideak, harreman sozialak, bizitza… Horrez gain, ditugun baliabide psikologikoak askotan ez dira nahikoak eta horrek tentsio hori ez askatzea eta gure barnean metatzea eragiten du, azkenean kezka guzti horiek eztanda egiten duten arte. Horregatik, beharrezkoa da galera guzti horien dolua egitea, baita lehen genuen eta berriro izango ez dugun bizitzaren dolua gainditzea ere. Gauzak horrela, logikoa da jendea tristeago, urduriago eta nekatuago sentitzea.

Ikuspegi psikikotik ikusita, nortzuk dira pertsonarik zaurgarrienak?

Askotan pertsonarik zaurgarrienek uste dute ezin direla ahul sentitu guztiz apurtuko direlakoan. Baina gaizki sentitzen gareneran laguntza psikologikoa eskatzea osasun mental onaren adierazle da.

Zaurgarri sentitzea ez da erraza. Zeure ahultasuna onartzez gain, besteen beharrak ere ezagutu behar dituzulako. Beraz, norberaren beldurrak identifikatzea eta besteenak kontuan hartzea lorpen handia da.

Urriaren 10ean Osasun Mentalaren Eguna izan zen. OMEk osasun mentalaren sektorean inbertsioa handitzeko premia larria nabarmendu zuen. Zure ustez, nahikoak dira osasun mentalerako dauden laguntzak? 

Zenbat eta baliabide ekonomiko eta sozial gehiago egon herritarren behar psikologikoei eraginkortasunez erantzuteko, orduan eta prestatuago egongo gara etorkizuneko arazoetarako.

Nolakoa da komunikabideen papera? Uste duzu beldurra zabaltzen laguntzen ari direla?

Alde batetik, ondo legoke behin eta berriz errepikatzen ari diren albisteei muga bat jartzea. Berri bonbardaketa horrekin biztanlerian etsipen handia sortzen dute komunikabideek.

Bestalde, uste dut garrantzitsua dela herritarrek albisteak kontrastatzea, nolabait, komunikabide ezberdinetako informazioak alderatzea. Modu horretan, haien iritzi pertsonala eraikitzeko.

Oraindik osasun mentalaren inguruko tabuak daudela uste duzu?

Arlo psikologikoari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio. Gero eta zailagoa da bere garrantzia ukatzen duten sektoreak aurkitzea. Historikoki egon diren aurrerapen guztiekin bezala, denbora behar da gizarteek ezinbesteko gauzak integratzeko.

Hala ere, osasun mentalari merezi duen inportantzia eman behar zaio eta oraindik asko dago egiteko. Modu horretan, pertsona guztien ongizate fisikoa, soziala eta emozionala kontuan hartuko dituen gizarte bat eraikitzeko.