Disney Plus plataformako edukiak euskaraz jasotzeko kanpaina abiatu dute

uriola.eus 2020ko abe. 3a, 09:38

Guraso euskaltzale talde batek Disney Plus plataformako edukiak euskaratzeko sinadura bilketa abiatu du, eta dagoeneko 2600 sinadura lortu dituzte. 

"Eskatzen dut Disney-k ez ditzala euskaldunak diskriminatu". Horrela hasten da guraso euskaltzale talde batek, Disney plus plataformako edukiak euskaratzeko asmoz, abiatu duen eskaera.

Martxoaren 24an hain zuzen heldu zen Disney + plataforma Hego Euskal Herrira, baina honek eskaintzen dituen eduki guztiak gaztelaniaz daude. "Plataforma berri honekin, euskal hiztun garen ikusleok berriro ikusi ditugu gure hizkuntza eskubideak urratuta" dio guraso taldeak, eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Elkargoari Disney-rekin harremanetan jar daitezela eskatu diote "hau euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen". 

Eusko Jaurlaritzak kazetari bati argitu bezala, Jaurlaritzak Disney-ri Hego Euskal Herrian estreinatzen ziren filmak euskaraz ere estreinatzea proposatu zionean, multinazional estatubatuarrak ez zuela inongo interesik argitu du Jaurlaritzak, baina ez dela interes kontua, eskubide kontua baizik azpimarratu dute eskaeraren sinatzaileek. 

Horiek horrela, Disneyren ekoizpenak euskaraz eskaintzeko sinadura bilketa abiatu dute Avaaz.org plataformaren bitartez, eta dagoeneko 2600 sinadura lortu dituzte.