Gaur abiatuko da Gazte Sortzaileen Azoka

uriola.eus 2020ko abe. 17a, 15:05

Artista gazteen lanak ezagutzera emateko helburuarekin gaurtik larunbatera bitartean Deustuko Gazte Lokalean eta Zazpi Katu gaztetxean Gazte Sortzaileen Azoka antolatu dute.

Bilbo inguruko gazte sortzaileei ahotsa emateko asmoz sortu ziren duela bi urte gutxi gorabehera Lurrikara, Deustuko gazte sortzaileen plaza, Zazpi Katu Gaztetxeko gazte sortzaileen dinamika eta Kaska and Roll dinamika. Sortzaile “profesional” gisa ezagutzen ez diren artista gazteen aterkia bihurtu dira orain hiru dinamika hauek.  

Azken hilabeteetan bizi izan dugun egoerak inguruko askoren bizitzak kolokan jarri ditu, baita artista gazteen bizitzak ere, hortaz, azokak “itxialdiak iraun bitartean sortu dituzten gauzak saltzeko eta aldi berean ezagutzera emateko” balio izango duela argitu dute.

Gainera, ekimen honek hiriko jende gehiagorengana heltzea ahalbidetu diela azaldu dute, guztira, 32 izeneko zerrenda osatzera heldu arte: “orain arte musika taldeekin lan egin izan dugu soilik, azokarako ordea esparru ezberdinetako artistak hurbildu zaizkigu ekimenean parte hartzeko asmoz”. Horiek horrela, musikariez gain, besteak beste, diruzorroak, erlojuak edota belarritakoak egiten dituzten artisten lanak egongo dira salgai egun hauetan.

Gaurko eta biharko ordutegiari dagokionez, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 21:00etara egongo da zabalik azoka, Deustuko Gazte Lokalean eta Zazpi Katu Gaztetxean. Larunbatean ordea, goizeko 11:00etatik 14:00etara.