Ostiralean helduko da Hego Euskal Herriko eta Bartzelonako zinemetara Caminho Longe dokumentala. Urtarrilaren 22tik 28ra bitartean Bilboko Multicines aretoan ikusi ahalko da Alfonso Etxegarai deportatuaren itzulera kontatzen duen filma.
33 urte eman ditu Afrikako Sao Tome uhartean deportatuta Alfonso Etxegaraik (Plentzia, 1958), Kristiane Etxaluze (Domintxaine, 1941) kidea lagun izan duela. 2010ean bikoteak bere istorioa kontatu zuen Sagarren denbora dokumentalean. Caminho Longe ez da dokumentalaren bigarren partea, baina erbestearen bukaera eta Etxegarairen itzulera kontatzen ditu.
Josu Martinez eta Txaber Larreategik zuzendu dituzte bi lanak, eta Hibai Castro izan da argazki zuzendari bi kasuetan ere. Alfonso Etxegaraik etxerako bideari ekin behar ziola jakitean, Sao Tomera joan ziren hirurak eta Etxegarai eta Etxaluzerekin batera igaro zituzten erbesteko azken egunak, dokumentala grabatzen.
Adabaki Ekoizpenak taldeak ekotzi du, IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinezen laguntza ere badu, eta Verkami plataformaren bitartez egindako diru bilketari esker finantzatu dute. Donostiako Zinemaldian estreinatu bazuten ere, pandemia dela eta, urtarrilera arte ezin izan dute ekonomikoki lagundu duten ia 400 pertsonen aurrean aurkeztu.
Orain bai, pantaila handian ikusteko aukera izango dute Hego Euskal Herriko hiriburuetako zinema aretoetan eta baita Bartzelonan ere. Bilbon Multicines aretoetan egongo da urtarrilaren 22tik 28ra bitartean.
Sagarren denbora (2010) eta Caminho Longe (2020) dokumentalen lantaldea protagonista dituen Kristiane Etxaluze eta Alfonso Etxegarairekin.