Ikastetxe publikoetan lanean urteak eman eta gero, busez ibili naiz umeekin: urteko txangoa, astean behin igerilekura... eskola baten eguneroko garraioa ere ezagutu nuen, ikasle batzuk etxetik 2 kilometro baino gehiago zituztelako D eredu gertukoeneraino, baina salbuespena izan da beti eskola publikoek umeak garraiatzea, oso baldintza zorrotzak (batzutan zorrotzegiak) ezarri dituelako Hekzuntza Sailak horretarako.
Hala ere, arrazoia zuen taxistak, trafikoan argi somatzen da noiz hasten diren umeak geletara, busak direla eta. Hobeto doaz busez banakako autoetan baino, hala da. Hobe da umeak soilik joatea bakoitzak heldu batekin joatea baino, ados gaude. Bus barruan segurtasun neurriak daude, egia da: uhalak, hezitzailea...
Baina, zer dela eta behar dugu horrenbeste eskola garraio? Nora ote doaz? Esango dizuet: etxetik gertu ez dauden ikastetxe pribatuetara doaz, egunero, milaka ikasle EAEn. Ikastetxe horiek, gehienak, itunduak daude, beraz, zonifikazio bati lotuta egon beharko lukete, baina ez. Egunero gutxienez Araban 33 autobusek, Gipuzkoan 81ek eta Bizkaian 358k haur zein lehen hezkuntzako umeak (2-13 urte bitartekoak) ikastetxe itunduetara eramaten dituzte, autobus horien artean gutxienez 82 Bilbotik pasatzen dira. Horietako ikastetxe asko hiriguneetan baitaude kokatuta.
Egunero ordu bat edo bi autobusean eserita eman behar izateak ez dirudi oso atsegina barruan doazenentzat, era berean, gainerakoentzat, egunero eskolara joateko orduan kaleak trafikoz eta kutsaduraz gainezka izatea oso txarra da, espaloiak autobusen zain daudenek oztopatuta aurkitzea gehiegikeria da, energia xahutzeari buruz zer esanik ez; hori guztia diru publikoaz sustatzea ez al genuke zalantzan jarri behar?
LOMLOEk berak sostengarritasuna, inguru hurbilarekin harreman osasuntsua eta hezkuntza komunitate zabalak aipatzen ditu, 110. artikuluaren oso paragrafo dotoreetan; gure legeak idazteko ahalmena lortu bitartean, U30 ALDAKETALDIAN eta antzeko ekimenetan jar ditzagun indarrak eta konfidantza, eta, noski, indartu dezagun Euskal Eskola Publikoa. Denok aterako gara garaile.