Abian da Harrapazank-en 16. edizioa

uriola.eus 2021ko ots. 2a, 09:09

Bilboko Udalak abian jarri du Harrapazank gazteentzako aisialdiaren 16. edizioa. Programaren xedea da Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gazteen artean euskara sustatzea  eta denbora-pasako eskaintza erakargarriak eskaintzea.

Aurten, egungo egoera sanitarioa dela-eta, programazioaren zatirik handiena telematikaren bidez gauzatuko da. Aurrez aurreko jarduerak ere aurreikusita daude, baina unean-unean indarrean diren edo gomendatzen diren prebentzio neurrien arabera egingo dira.

Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Topagune ordezkari Itxaso Paiarekin batera, Harrapazank ekimenaren aurtengo programazioaren xehetasunak aurkeztu ditu; besteak beste, Eszena talentu lehiaketa, Klikazank bideo-joko lehiaketa eta T(r)ailerrak eskaintza oparoa.

Talentu lehiaketaren bitartez, gazteek aukera izango dute arterako dituzten trebetasunak erakusteko, antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txiste kontaketan edo bestelako arlo batzuetan. Parte hartzeko interesa dutenek 1 eta 10 minutu bitarteko bideo bat helarazi behar dute, beren talentuaren erakustaldi bat eginez, eta Harrapazank-en webgunera igo otsailaren 26a baino lehen.

T(r)ailerrak atalean 23 tailer eskainiko dira online web orriaren bitartez, otsailean eta martxoan zehar, eta ez da beharrezkoa izena aldez aurretik ematea. 3 modalitatetan daude banatuta: eskulanak, musika eta gorputz mugimendua. Astean 3 saio eskainiko dira, 3 eta 10 minutu bitartekoak, eta asmoa da edukia erakargarria eta gazteek kontsumitzeko erraza izatea.

Azkenik, web orrian euskarazko bideojokoak eskura izango dira elkarrekin jolasteko online bidez. Lehiaketaren helburua da euskararen erabilera sustatzea gazteen ingurune digitalean. Interesdunek banan-banan eman beharko dute izena, elkarren artean jolastu ahal izateko. Lehiaketa apirilean gauzatuko da.

Kaleko jarduerak

Maiatzeko asteburu guztietan hainbat jarduera eskainiko dira goiz eta arratsaldez. Hauen artean graffiti tailerrak eta Parkean Party izeneko zirkuitua. Gainera, maiatzaren 22an Harrapazank Jaia ospatuko da eta bertan jolasak, opariak eta erronkak egongo dira. Ekintza hauek Biilboko hainbat espaziotan egitea aurreikusita dago, egoera sanitarioak ahalbidetzen badu.

Jarduera horietan, gehienezko jende kopurua mugatuta egongo da, eta parte hartzeko Harrapazank webgunean izena eman beharko da, otsailaren 1etik martxoaren 31ra bitarteko epean.

 
What do you want to do ?
New mail
 
What do you want to do ?
New mail
 
What do you want to do ?
New mail
 
What do you want to do ?
New mail