Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilborekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kultur Elkartearekin elkarlanean antolatzen du jaialdia. Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, euskarazko sorkuntzari gune berriak eskainita. Horrekin batera, Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, hiriko kultura-aukerak zabaltzeko.
Iaz sortutako antzerki-ekoizpena sustatzeko Euskaltzaindiaren 2021eko laguntza Artekartu konpainiak irabazi du Hauts artean laburrari esker. Urtzi Oleagak zuzentzen du konpainia eta 1.000 euro jasoko ditu. Era berean, antzezlana aurtengo LAUTAN HIRU jaialdian estreinatzeko aukera izango du. Epaimahaiko kideen arabera, lan “zirikagarria” da Hauts artean eta gidoiaren erritmo bizia ez ezik, istorioaren amaierako “ezustea” ere azpimarratu dute.