Zinegoak 2021 ohorezko saria Sébastien Lifshitzek jasoko du

uriola.eus 2021ko ots. 3a, 14:36

Sébastien Lifshitz zuzendari frantziarrak Zinegoak jaialdiaren 18. Edizioko ohorezko saria jasoko du otsailaren 28an Bilbon.

Egun berean, saria jaso ez ezik, bere azken lana, ‘Petite Fille’, aurkeztuko du eta Azkuna Zentroko auditorioan proiektatuko da eguerdiko 12:00etan. Gainera, Gaylesbitrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiak zinegilearen konpromiso sozial eta emozionala nabarmendu nahi izan du eta honen lanei buruzko atzera begirako erakusketa eskainiko du.

Lifshitzek sexu, identitate eta genero aniztasuna landu du bere ibilbide profesionalean. Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariaren arabera, “giza esentziaren funtsezko gaiak lantzen ditu LGTBI+ errealitateak abiapuntutzat hartuta”. Hori dela eta, beste hainbat sari jaso ditu Zinegoak jaialdian,  Lesbianismo eta Generoa saria 2014an ‘Bambi’-rekin eta Film Onenaren saria ‘Wild side’ lanarekin.

Martxoaren 1etik 14ra egingo dute Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia eta aurrez aurreko saioak eta birtualak uztartuko ditu.